Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2021/04/14
Hirugarren deialdia merkataritzan eta ostalaritzan Covid-19ari aurre egiteko inbertsioetarako
Eskaerak, apirilaren 19tik maiatzaren 15era
Helburua da Pasaian jarduera ekonomikoari eta enpleguari eustea, jarduera prestatzeko inbertsioak diruz lagunduz, Covid19ari aurre egiteko.
Hirugarren deialdirako eskabideak 2021eko apirilaren 19an hasi eta maiatzaren 15ean amaituko dira.
Izaskun Gomez, alkatea: "Merkataritzaren eta ostalaritzaren jarduera lehentasunezkoa da jarduera ekonomikoari eusteko, eta dirulaguntzak bitarteko seguruak dira pandemia egoera honetan jarduera horiei eusteko".
Covid-19aren krisia ez da osasunekoa bakarrik izan, alarma-egoerak eta konfinamenduak txikizkako merkataritza gehiena ixtera behartu dute, eta krisi ekonomiko horrek Pasaiako gure saltokiei eta ostalaritzari bereziki eragiten die. Hori dela eta, Udalak dirulaguntza programa bat onartu du berriro, merkataritzari eta ostalaritzari Covid-19ari aurre egiteko beharrezkoak diren inbertsioetan laguntzeko. Programa Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak finantzatzen du.
Programaren helburua da diruz laguntzea lokalak eta lan egiteko moduak egokitzeko behar diren inbertsioak, ekipamenduak eta azterlanak, eta baita segurtasun- eta osasun-protokoloak betetzeko ekipamenduko inbertsioak ere. Programa honen lehen eta bigarren deialdiak egin dira aurretik, hau hirugarren deialdia da.
Dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira beregaineko langileak edo autonomoak eta merkataritza eta ostalaritzako sektoreko 10 langile baino gutxiago dituzten enpresa txikiak, baldin eta milioi bat eurotik beherako negozio-zifra badute eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:
- Jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egotea txikizkako merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreetako epigrafe ekonomikoetan, jarduera hori Pasaian egiten ari direla.
- Egunean izatea Foru Ogasunarekiko, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekiko eta Pasaiako Udalarekiko betebeharrak.
- Ez izatea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan jasotako debekurik.
Kanpoan geratzen dira Pasaiako Udalarekin ondoz ondoko hornidura- eta zerbitzu-kontratu publikoen titularrak diren pertsona fisiko eta juridikoak, eta deialdi honetan eskabidea aurkeztu duten edo aurkeztuko duten norberaren konturako langileak, baldin eta nortasun juridikoa duten erakundeetako organoetako bazkideak edo kideak badira (kapital-sozietateak, kooperatiba-sozietateak, sozietate zibilak, etab.).
Deialdi berri honetan, aurreko deialdietako eskatzaileak onartzen dira proiektu berriengatik edo aldez aurretik aurkeztutakoak zabaltzeagatik, baldin eta emandako ebazpenean ez bada lortu diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekoa. Handitzeak edo proiektu berriak eskabide berritzat hartuko dira dirulaguntzaren zenbatekoa izapidetzeari eta kalkulatzeari dagokienez, diruz lagun daitezkeen 5.000,00 euroko gehieneko mugari dagokionez izan ezik, hori establezimendu bakoitzeko ezarriko baita batera hartutako deialdi guztietarako.
Hirugarren deialdiko eskabideak erregistratzeko epea 2021eko apirilaren 19an hasi eta maiatzaren 15ean amaituko da.
Eskaera orriak aurkezteko ohiko kanalak erabil ahal izango dira, hots, HAZ bulegoak edo udaleko izapideentzako ataria. INFORMAZIO GEHIAGO (deialdia, eskaera orria, tramitazioa online, etab.)