Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/12/13

Olentzero, Mari Domingi eta beraien baserria, ikusgai Trintxerpeko merkatuan

Trintxerpeko Jai Batzordeak sortu du herriko elkarteekin elkarlanean

Trintxerpeko Jai Batzordea barrutia girotzen hasi da, Gabonak ate joka ditugu eta. Barrutia argiztatua bazegoen ere, Gabonetako protagonistak falta ziren. Hori dela eta, Olentzero, Mari Domingi eta Napo iritsi dira azokara, beraien baserriarekin batera. 

Iraitz Pazos Trintxerpeko alkateordea aurkezpenean izan da, “herriko elkarteek eta Jai Batzordeak elkarlanean girotu dugu merkatua. Photocall moduan prestatu da eremua, eta bertan argazkiak ateratzeko aukera ematen du. Gainera, haurrek Olentzero eta Mari Domingiri bidali nahi dizkieten eskutitzak baserrian dagoen postontzian bota ditzakete”.
 
Azoka astelehenetik larunbatera egongo da zabalik 20:30 arte.

3 metroko zuhaitza egin du Adinkidek

Adinkide elkarteak, adinekoen bakardadea arindu eta harreman afektiboak sustatzea helburu duenak, Trintxerpeko merkatuan kakorratzez egindako 3 metroko Gabonetako zuhaitza prestatu du. Zuhaitz hori era komunitarioan egiten aritu dira irailaz geroztik kakorratz-lanez, eta erakundearen espiritua islatzen du: sormena eta elkarlana bultzatuz komunitatea eraikitzea.