Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2023/12/22

2024ko Aurrekontua onartu du Udalak

33.319.340 euro, Pasaiak inoiz izan duen handiena

Abenduaren 20ko udalbatzarrean Pasaiako Udalak 2024rako Aurrekontua onartu zuen, Udal Gobernuaren babesarekin, eta oposizioko bi alderdien kontrako bozekin.

Hala, 33.319.340 euroko aurrekontuak aurrera egin du. Iazko aurrekontuarekin alderatuta (25.758.190 euro), %22,69ko gehikuntza dago, eta beraz, Pasaiak inoiz izan duen aurrekonturik handiena martxan da.

Diru-sarreren ehuneko ehuna presupuestatzeari esker, politika progresistetan aurrera egiteko sostengua izango du udalak. Teo Alberro Bilbao alkateak ziurtatu du azken agintaldietan nagusitu izan den jarrera kontserbadorearekin apurtu duela gobernu berriak.

1.337.349 euro bideratuko dira datorren urtean Pasaian inbertsioak egitera; aurreko ekitaldian baino %37,31 gehiago. Hala, egi bihurtuko dira, besteak beste, honako proiektuak: Donibaneko saneamenduan aurrera egitea; Trintxerpeko futbol zelaiaren zaharberritzea; udal eraikinetan energia berriztagarrien alde eguzki plakak ezartzea; Azkuene Goiako baratze parkearen lehenengo fasea; Donibaneko magalen egonkortzea; herriko haur parkeak konpondu eta berritzea; San Pedroko gimnasioa egokitzea; udal ibilgailu elektriko eta kale garbiketan hobekuntzak; edota Larrabideko kiroldegia eraberritzeko proiektuaren idazketa.

Gobernua sinetsita dago “inbertsio horiek eta gehiago merezi dituztela Pasaiak eta pasaitarrek”. Eta horregatik hartu du erabakia diru-sarreren zenbateko osoa aurrekontuan sartu eta baliatzeko  agintaldian zehar herria geroz eta bizigarri eta lagunkoiagoa izan dadin. Aipaturiko inbertsio horiez gain, eta aurrekontuan ageri ez badira ere, ezin dira alde batera utzi datorren ekitaldian Pasaiako proiektu izarrak izango direnak: Luzuriagako kulturgunea eta  Antxoko Gure Zumardiaren urbanizazioa. 

Udal arlo guztien aurrekontuetan izango dira igoerak datorren urtean Gizarte Ekintzara 2,9 milioi euro bideratuko dira, iaz baino % 8 gehiago. Etxez etxeko laguntza zerbitzuan, lan baldintzak duinduko dira. Langileen borrokaren ondorioz lortutako eskubideak bermatuko ditu udalak.

Euskara Sailari merezi duen aurrekontu propioa mantendu eta indartuko zaio. Kirol arloan, milioi erdi inguruko inbertsioa egingo da herriko instalazioen hobekuntza orokorra gauzatzeko. Berdintasunari dagokionez, % 51ko igoera emango da politika feministetan aurrera egiteko, eta lehen aldiz Pasaiako LGTBI+ kolektiboaren egoera eta beharrizanei buruzko azterketa bat egingo da. Kultur programazioaren aldeko apustua ere indartu da. Kasu, herri jai eta ospakizunetarako zenbatekoak 15.000 euro egingo du gora datorren urtean; barruti bakoitzeko jai batzordeetako partidek % 10eko igoera izango dute horri esker.

Udal Gobernuaren aurrekontu proposamena oposizioari aurkezteko garaian, Teo Alberro Bilbao alkateak argi utzi zuen gobernua prest zegoela proposamenak entzun eta pasaitarren egunerokoa hobetzeko proiektu berriei leku egiteko. Hala ere, aldeen arteko akordiorik ez erdietsi izana deitoratu du eledunak.

Gobernuak uste du egindako proposamenak  “irrealak” izan direla, “batez ere alderdi PSE-EErenak”, eta horien atzean ez zegoela akordioetara heltzeko benetako intentziorik.