Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2023/11/22
2024ko Aurrekontu Proposamenaren aurkezpena, Pasaiak inoiz izan duen handiena: 33.3 milioi euro
Azaroaren 21etan

- Diru-sarreren ehuneko ehuna aurrekontuan sartzea erabaki du udal gobernuak, “Pasaiak eta pasaitarrek” merezi dutelako.
- Oro har, udal arlo guztietan izan dira igoerak.
Azaroaren 21ean Pasaiako Udal Gobernuak (EH Bildu eta Podemos) 2024ko Aurrekontuen Proposamena aurkeztu die Udalbatzako beste bi alderdiei, EAJ eta PSE-EEri. Zenbatekoa 33.319.340 eurokoa da orotara. Iazko aurrekontuarekin alderatuta (25.758.190 euro), % 22,69ko gehikuntza dago, beraz. Pasaiak inoiz izan duen aurrekonturik handiena.
Datorren ekitaldirako diru-sarreren ehuneko ehun aurrekontuan sartzea erabaki du gobernu taldeak; hartara, azken agintaldietan nagusitu izan den jarrera kontserbadorearekin apurtu, eta alde batera utzi dute gastuari eusteko jokabidea. Teo Alberro Bilbao alkateak ziurtatu du “jarrera aurrerakoia” nagusitu dela proposamenean.
Inbertsioak 1.337.349 euro izango dira. Aurreko ekitaldiarekiko % 37,3ko igoera dakar horrek. Zenbateko horrek jasoko dituen proiektuen artean daude, besteak beste, Donibaneko saneamendurako 446.000 euro; Trintxerpeko futbol zelaiko belarra aldatzeko 375.000 euro; udal eraikinetan eguzki plakak ezartzeko 120.000 euro; Azkuene goiako baratze parkearen lehenengo faserako 121.000 euro; Donibaneko magalak egonkortzeko 106.000 euro; herriko haur parkeak konpondu eta berritzeko 90.000 euro; San Pedroko gimnasioa egokitzeko 60.000 euro; udal ibilgailu elektriko eta kale garbiketarako 50.000 euro; edota Larrabideko kiroldegia eraberritzeko proiektua idazteko 20.500 euro.
Gobernua sinetsita dago “inbertsio horiek eta gehiago merezi dituztela Pasaiak eta pasaitarrek”. Eta horregatik hartu du erabakia diru-sarreren zenbateko osoa aurrekontuan sartu eta baliatzeko, agintaldian zehar herria geroz eta bizigarriagoa eta lagunkoiagoa izan dadin. Aipaturiko inbertsio horiez gain, eta aurrekontuan ageri ez badira ere, ezin dira alde batera utzi administrazioen arteko elkarlanari esker datorren ekitaldian Pasaiako proiektu izarrak izango direnak: Luzuriagako kulturgunea eta Antxoko Gure Zumardiaren urbanizazioa.
Igoerak arlo guztietan
Oro har, udal arlo guztien aurrekontuetan izan dira igoerak. Gizarte Ekintzara 2,9 milioi euro bideratuko dira, iaz baino % 8 gehiago. Etxez etxeko laguntza zerbitzuan lan-baldintzak duintzeko erabakia hartu da. Langileen borrokaren ondorioz lortutako eskubideak bermatuko ditu udalak.
Aipatzekoa da, beste udal aberatsago batzuetan ez bezala, euskararen kontrako oldarraldi bete-betean Pasaiako Udalean apustua egin dela euskararen arloak merezi duen aurrekontu propioa mantendu eta hori handitzeko. Horri esker, alfabetizazioaren doakotasunean, ikastetxeetara iritsi berri diren ikasleentzako uler-saioetan, eragileekin elkarlanean osatutako mahaietan era diru laguntza berrietan inbertitu ahalko da datorren urtean.
Kirol arloan milioi erdi inguruko inbertsioa egingo da. Horren asmoa herriko instalazioen hobekuntza orokorra egitea da. Izan ere, gehien-gehienetan jarduketak beharrezkoak badira ere, hurrengo aurrekontuan egoera presazkoenei erantzuten ahaleginduko da udala. Dagoeneko ari dira Kalparran beharrezko konponketak egiten, eta bide beretik jarraituko dute kirol erabakiek agintaldian zehar. Trintxerpeko futbol zelaiko belarraren aldaketa, barruti horretako eta Larrabide kiroldegia izango dira ardatz nagusiak.
Berdintasunari dagokionez, % 51ko igoera egin da politika feministetan aurrera egiteko. Nabarmentzekoa da datorren urtean lehen aldiz Pasaiako LGTBI+ kolektiboaren egoera eta beharrizanei buruzko azterketa bat egingo dela, 18.500 euroko aurrekontuarekin. Horri esker, lan-lerro berriak definitu ahalko dira bizitza horiek ere erdigunera eraman ahal izateko; eta hala, kolektiboko herritarren duintasunaren aldeko lehen urratsak egiteko Pasaian. Jabetze Eskolaren sustapenak ere %10 egin du gora, eta politika feministetan eta udal langileen formazioan sakontzen jarraitzeko asmoz, bigarren teknikari bat kontratatu du udalak.
Kultur programazioaren aldeko apustua ere indartu da. Hasteko, Itsas Festibalaren izaera turistikoa alde batera utzi eta jarduera hori Kulturara lekualdatzea erabaki da. Horrez gain, herrietako jai eta ospakizunetarako zenbatekoak 15.000 euro egingo du gora datorren urtean; barruti bakoitzeko jai-batzordeetako partidek % 10eko igoera izango dute horri esker.
Ezohiko diru-sarrerak
Aipatu beharra dago ezohiko diru-sarrera handiak izango dituela udalak datorren ekitaldian. Laburbilduta, hiru iturritatik etorritakoak: batetik, Andonaegi auzoaren berroneratzerako, Jaurlaritzatik eta Europatik 8 milioi euro jasoko dira; Gipuzkoako Foru Aldundiaren Foru-Funtsetik 13,8 milioi euro, eta Andonaegiko obrak direla-eta, horiei dagozkien zergengatik 600.000 euro inguru. Gobernu taldeak horiek guztiak baliatuko ditu inbertsioak handitu eta herritarren bizitzak hobetzen ahalegintzeko.
Bide horretan, eta gobernu berriaren oinarrietako bat izango denez herritarrekiko hartu-emana eta gardentasuna bermatzea, estrategikoak izango diren Komunikazio eta Parte-Hartze teknikari bana kontratatuko dira. “Gure gobernantza ereduaren isla garbia da erabaki hau”, berretsi du Alberrok.
Proposamenaren gaineko azken hausnarketa egin du alkateak: “Aurrekontu Proposamen hau Udalbatza osatzen duten gainontzeko alderdiei aurkeztu ondoren, argi utzi nahi dut Udal Gobernu hau prest dagoela proposamenak entzun eta, pasaitarren egunerokoa hobetzera badatoz, baita proiektu berriei leku egiteko ere. Sinetsita gaude 33,3 milioi hauek mugarri izango direla merezi dugun Pasaia irudikatzeaz haratago, urte luzez atzeratu edo geldiarazi izan diren hobekuntzak egi bihurtzen hasteko”.