Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/06/25

Eraso matxistarik gabeko jaien aldeko kanpaina, prestakuntza eta baliabideak: Ez eraso sexistarik, ez eraso LGTBfoborik!


 

Pasaiako Udalak eraso matxistarik gabeko jaien aldeko kanpaina aurkeztu du. Agerraldia San Pedroko Alkateordetzan izan da, barrutiko jaiak ekainaren 26an hasiko baitira.

Teo Alberro Pasaiako alkatearen esanetan “uda iristearekin batera, egun hauetan hasiko dira Pasaiako lau barrutietako jaiak. Eta Pasaiako Udalean argi daukagu: jaiak askatasunez eta errespetuz gozatzea ez da soilik desio bat,  pertsona guztien eskubidea ere bada”.

Hori bermatzeko, Pasaiako Udala elkarlanean ari da mugimendu feministarekin eta jaietako gizarte-eragileekin, indarkeria matxista prebenitzeko eta jai-gune inklusibo, parekide eta askotarikoak sortzeko baldintzak bermatzeko” gaineratu du Laura Ré Berdintasuneko zinegotziak.

Berrikuntza gisa, tresna berri bat gehitu da: 24 orduko telefono-zerbitzua, egun garrantzitsuenetan edo mugimendu handieneko egunetan erabilgarri egongo dena. Telefono horri eta beste baliabide batzuei buruzko informazioa herriko etxe guztietako postontzietan banatu den txartel batean dago jasota, mezu instituzional batekin batera.

Zerbitzu berriaren telefono zenbakia hau da: 747485445. Eta honako egun hauetan izango da erabilgarri 24 orduz: 

  • -San Pedroko jaietan: ekainaren 28an eta 29an.
  • -Antxoko jaietan: uztailaren 5etik 7ra.
  • -Trintxerpeko jaietan: uztailaren 12an eta 13an.
  • -Donibaneko jaietan: uztailaren 24an, 27an eta 30ean.

Berdintasuneko zinegotziak honako hau adierazi du: “Sortu dugun sentsibilizazio kanpainak lelo hau du: "Ez eraso sexistarik, ez  eraso LGTBfoborik!". Gainera, Izaro Mariezkurrena artista pasaitarrak “jaietan libre” zigilua sortu du. Zigilu horrekin indarkeriarik gabeko jai parekideen aldeko konpromisoa adierazi nahi dugu”.

Prestakuntza-ekintzei dagokienez, dokumentu bat sortu da prebentzio- eta arreta-irizpide orokorrekin, eta lau jai-batzordeekin partekatu da. Horrez gain, ekainean tailer teoriko-praktiko bat antolatu da, jaien testuinguruan gerta daitezkeen eraso matxistei erantzuna emateko gakoak ardatz hartuta.