Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2023/07/26
2023ko uztailaren 26an hasiko dira Adinberriko zentroa eta Hospitalilloko lurrazpiko aparkalekua egiteko lanak
Lanak egiteko epea 48 hilabetekoa da, eta dagoeneko lanean ari da udal gobernua kalteak ahalik eta gehien murrizteko.
Asteazken honetan, uztailaren 26an, hasiko dira Adinberri zentroa eta lur azpiko aparkalekua eraikitzeko lanak, eta 48 hilabeteko iraupena izango dute. Lanak Eraikuntza Birgaikuntza Artapena enpresa arabarrari esleitu dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lehenengo fasean, lur azpiko aparkalekua eraikitzeko lurra zulatzen hasi aurretik, beharrezko lanak egingo dira katak egiteko eta elektrizitate eta ur-hornidurak birkokatzeko. Astelehen goizean Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatu eta Adinberriko presidente Maite Peñak, Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek eta Pasaiako alkate Teo Alberrok prentsaurrekoa eman zuten obraren nondik norakoen eta epeen berri emateko (prentsaurrekoa hemen).
Bertan, Pasaiako alkateak poztasuna agertu zuen obren hasieragatik, eta aipatu zuen Pasaiarekin zegoen beste zorretako bat kitatzen zuela Diputazioak honekin. «Ziur gaude eraikiko den zentro berri honek eragin positiboa izango duela, lehenik, Pasaian, baina baita Oarsoaldean eta Gipuzkoa osoan ere».
Alberrok gaineratu zuen urteetan Pasaia dela herritik kanpo egoiliar gehien dituen herria, horrek guztiak pertsona horientzat eta haien familientzat dakarrenarekin. Eta beraz, zahartzaroaren eta zaintzaren erreferente izango den gune berri honekin egoera hori arindu egingo dela.
Egoitzaren xehetasunak
Ekipamendu berriak adinekoentzako 124 plazako egoitza bat, 22 plaza izango dituzten tutoretzapeko 18 apartamentu eta eguneko zentro bat izango ditu. Pertsonengan zentratutako arreta, eta komunitatearekiko loturak eta berrikuntza ardatz dituen zainketa-ereduari erantzungo dio. Adinberriko berrikuntza-unitatea 680 metro koadroko espazio batean kokatuko da, eta bertan ikerketa, esperimentazio eta testaketarako gune bat egongo da. Era berean, Pasaiako hiri-ingurunean integratutako plaza zabal bat izango du, pasaitar guztien gozamenerako; baita hainbat instalazio komun eta erabilera anitzeko gunea ere.
Lurrazpiko aparkaleku berria
Aparkalekuari dagokionez, 460 bat plazako lurrazpiko aparkaleku berria egitea aurreikusi du Foru Aldundiak. Bi solairutan banatuko da aparkalekua eta Trintxerpeko inguruneari horren beharrezkoa duen zerbitzua emango dio.
Bertan mugikortasun murriztua duten pertsonen ibilgailuentzako guneak edota kotxe elektrikoa kargatzeko puntuak aurreikusi ditu Aldundiak.
Informazio saioak
Datozen hilabeteetan obra hauek pasaitarrengan izan ditzaketen eraginak arintzeko Diputazioak, Pasaiako Udalak hala eskatuta eta elkarlanean, informazio-bilerak antolatuko ditu, baita postontzietan informazioa banatu ere, obraren faseak eta egutegia zein diren azaltzeko, eta inguruan aparkatzeko dauden aukeren berri emateko.
Afekzioak murriztea, lehentasun
Horiek horrela, Pasaiako alkateak ziurtatu nahi izan die bizilagunei obraren arduraduna Gipuzkoako Foru Aldundia bada ere, udal gobernuaren esku dagoen guztia egingo duela obrak eragindako kalteei konponbide berriak bilatzeko.
Ziurtatu du dagoeneko Diputazioarekin eta Portu Agintaritzarekin lanean ari direla aparkatzeko espazio berriak lortzeko. Era berean, dei egin die bizilagunei zein bisitan datozen herritarrei garraio publikoaren aldeko apustua egin dezaten, eta ibilgailu pribatua beharrezkoa den kasuetan soilik mugi dezaten.
Amaitzeko, aldez aurretik barkamena eskatzen die herritarrei eta eskerrak ematen dizkie pasaitarrei obrak dirauen bitartean izango duten pazientziagatik; eta Diputazioari eta Portuari, orain arte bezala, elkarlanean jarduteko deia egiten die, «horrela lortuko baitugu, elkarrekin, obra honek sortuko dituen afekzioak ahalik eta gehien murriztea».