Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2016/11/23
2016ko nazioarteko txotxongilo jaialdia
Azaroaren 23tik abenduaren 2ra
Gazteria Departamentuak haur eta gazteentzat antolatzen duen programazioaren barruan Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia nabarmentzen da. Aurten 23. edizioa ospatuko da. Ibilbide luze honek jaialdi hau urte sasoi honetan ohiko erreferente bilakatu du.
Aurten hilaren 28an, astelehena, hasi eta aste guztian jarraituko du, abenduaren 2 a barne.
Dagoeneko 23 urtez jarraian antolatu dugu jaialdia, Tolosako Ekinbide Etxearen laguntzarekin. Jaialdi honi esker, Pasaiako haurrek maila handiko nazioarteko ikuskizunez gozatzeko aukera dute. Aurten Argentina, Italia, Bulgaria eta Brasileko konpainiak etorriko dira.
Astelehenetik ostiralera, emanaldiak goizeko 11:00etan izango dira, eta udalerriko ikastetxeetako 2. 3., 4., 5. eta 6. mailako ikasle guztiak joango dira. Guztira 420 haur inguruk hartuko dute parte. Emanaldiak San Pedroko Udal Aretoan izango dira.
Astelehena, hilak 23

Argentinako “Julia Sigliano” konpainia etorriko da “ Los mundos de Dondo” ikuskizunarekin.
Umea ernaltzen den unetik, bidaia handia ipintzen da abian: bizitza. Umeak amaren sabelean zer egiten duen irudikatzeko jakin-mina izan zen El mundo de Dondo sortzeko printza. Barruko mundu borobil eta atsegina; kanpoko mundu jiralari eta mehatxuz betea.
Oholtza magiazko kuboa bailitzan dabil bueltaka, hainbat eremutan eraldatzen delarik: amaren sabela, jaioberriaren logela, ametsak, maitasuna. Dondo dugu protagonista, eta, ikuskizunak aurrera egin ahala, nola hazten den antzemango dugu. Denborak haurtzaroko hezkuntza eta ikaskuntzan garrantzitsuak diren mugarriak markatuko ditu.
Baliabide artistiko anitzen bitartez kontatuko digute istorioa. Ikusleak harri eta zur geratuko dira, ikuskizunak mahaiko txotxongiloak, barila ahodunak, antzerkia, maskara eta zuzeneko marrazkiak erabiltzen baititu.
Ezaugarri nagusietako bat pertsonaien eta ikusleen arteko hartu-emana da. Haurrek zein helduek gozatzen dute. Edozein espazio erabil liteke obra gauzatzeko: plaza, antzokia, aretoa, kalea, foroa, eskolak. Edozein leku, baldin eta ikuslea bizipen berria partekatzeko prest badago.
Asteartea, hilak 29

Italiako “Unterwasser” Konpainia ( Ur azpian) izango dugu “Out” ikuskizunarekin.
Ikuskizuna xaloa, poetikoa, hunkigarria, txotxongilo ikuskizun magnetiko eta bikaina da honakoa, zenbait manipulazio teknika uztartzen dituena. Sormen biziko batasun kaleidoskopikoari esker, objektuek, txotxongiloek, itzalek – non argia eta musika adimentsuki eta eraginkorki maneiatzen baitiren – ikuskizun liluragarria sortzen dute, eta une batzuetan marrazki bizidunen filma dirudi. Antzerkigintzako gozamena, ezbairik gabe” (Rui Pina Coelho)
Haurrak lehen aldiz irten behar du etxetik, eta bidaia hasiko du bere bihotza topatzeko. Basoa, hiria, itsasoa eta zerua igaroko ditu, hazteko eta bere burua bilatzeko prozesu betean. Beldurra, ausardia, laguntasuna eta maitasuna sentituko ditu umeak, hori guztia gorputzak (burua, bularra, sabela, e.a.) zabaltzeko gaitasuna duen jendeari esker. Bizitzari zabalik egoteak duen garrantziaz jabetzean, bihotz-txoria haurrarengana itzuliko da.
OUT lanak itxita egotetik zabalik egotera dagoen bidea (bizitzaren aurreko jarrera gisa) du hizpide. Ezjakintasunetik abiatuta, “salbu” sentitzeko gure inguruan eraiki ohi ditugun barrikadak haustera igaroko gara. Gai hori nortasuna zehazteko prozesuaren parte da, haurtzarotik nerabezarora doan ibilbidearen zatia, alajaina. Hala ere, hein batean edo bestean, gaia hainbat bider itzultzen da guregana bizitzan zehar.
OUT hitzik gabeko ikuskizuna da, eta mundu guztiak uler dezake. Musika eta soinuak baliatzen ditu sentimenduak eta emozioak indartzeko.
Asteazkena, hilak 30

Bulgariako “ Theatre Atelier 313” konpainiak “El clown y su familia” ikuskizuna aurkeztuko du.
Nortzuk dira Pailazoaren seme-alabak? Artistak txikien eta handien aurrean aurkeztu du bere artea, pobreen zein aberatsen aurrean, antzokian edo enparantzan. Nork ematen dio hainbeste arazo, eta, aldi berean, hainbeste maitasun eta inspirazio? Panpinek, noski! Haiek dira hain inozo izan eta hainbeste barre egin dezaketen bakarrak, hain segur eta baldar direnak, haien sortzaile denaren itxura hartzeko gai direnak: Pailazoarena. Haurrek laguntzat dituzte panpinak hasiera-hasieratik; Pailazoa, aldiz, inozo eta despistatu samarra denez, handien eta batez ere txikien lagun egingo da.
Theatre Atelier 313 taldea 1989an sortu zen, txotxongiloaren adierazpen aukerekin saiakuntzak egiteko talde alternatibo modura sortu ere. Petar Pashosv zuzendariak Bulgariako txotxongilolari garrantzitsuenei luzatu zien gonbidapena. Artista multzo horrekin, hainbat ikuskizun egin dituzte jaialdirik famatuenetan: Europan, Estatu Batuetan, Kanadan, Mexikon, Kuban, Japonen, Hego Korean, Indian, Tunisian eta beste hainbat lekutan. Gaur egun, konpainiak helduentzako antzerki bisualaren, txotxongilo-antzerkiaren eta objektu-antzerkiaren baitan ikertzen dihardu, eta txotxongilo-antzerkia gauzatzeko bide berrien bila ari da. Azken 7 urteetan zehar, txotxongilolari belaunaldi berria jaso du taldeak. Atelier 313 kulturgintza alternatiboaren eremua dugu, non eta jarduteko lekua baituten musikoek, filmegileek, dantzariek, zirkulariek, margolariek, poetek, kontzertuek...
Osteguna, abenduak 1

Brasileko “Trapusteros Teatro” konpainiak “Los cuentos de otros” emanaldia eskainiko digu.
Irakurtzea maite duen haurra da Pancho, eta bere amarekin bizi da. Behin batean, bisitari bitxi bat jasoko du: Pepino, izaki berdea. Pancho irakurtzen ari den liburutik irten, eta Pepino haurraren logelan azalduko da, zeren eta liburuko pertsonaiek bidali egin baitute. Une horretatik aurrera, Pancho ipuin berri bat topatzen saiatuko da Pepino hara bidaltzeko, Pepino istorioen mundura itzul dadin. Hainbat porrot eta abentura igaro eta gero, topatuko ote du Pepinok berari dagokion ipuina?
Eskularruzko txotxongiloekin eginiko ikuskizun honek irakurzaletasuna, irudimena, eta, bereziki, laguntasunaren eta elkartasunaren garrantzia azpimarratzen ditu.
Ostirala, abenduak 2

Argentinako “Roberto White” konpainiak “Criaturas particulares” ikuskizuna aurkeztuko digu.
Irudi-antzerkian oinarritutako ikuskizuna da, eta mimoaren mintzaira eta objektuen antzerkia uztartzen ditu. Hitzik gabea da, formatu txikian egina eta 5 urtez gorako ikusleentzat prestatua. 7 istoriok osatzen dute kontakizuna, 7 istorio poetiko eta umoretsu, elkarrekin loturarik ez dutenak.
Txotxongiloak egiteko objektu xaloak erabili dituzte: globoak, ping-pong pilotak, plastikozko poltsak. Manipulatzailearen gorputz-zatiekin harremanetan jartzen dira objektuok.
Roberto White, pailazo eta txotxongilolari argentinarrak, Limako Pataclaun eskolan ikasi zuen. Pailazo-jarduna eta bat-batekotasuna landu zituen. Eskola horrekin elkarlanean ekoizten ditu muntaiak, ikuskizunak sortu, baita pailazoaren eta bat-batekotasunaren munduan sakondu ere...
Egun, bakarka ari da Criaturas Particulares ikuskizuna egiten. Nazioarteko 30 jaialditik gora zapaldu ditu ikuskizun horrekin, 2012an Drac dòr saria jaso zuelarik LLeidako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdian. Lan horrek, beste aipamen berezi bat (Mostra Internacional de Titelles de la Vall de Albaida 2012, Valentzia) eta lehen sari bat (Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia) ere lortu ditu.
Zuzendari modura, Roberto White-k Costa Ricako Sari Nazionala jaso du Rome y Julieta lanagatik. Objetuen antzerkiari ikuspegi freskoa, garaikidea eta entretenigarria eskaintzen dio beti Roberto White artistak. Bere azken lana, besteak beste, Tolosako TOPICek ekoitzi du, eta Sueños 1 du izena. Dagoeneko antzeztu du Argentinan, Taiwanen eta Espainian…