Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/04/14

Bizikleten mailegu zerbitzua berritu du Udalak, 14 unitate berri gehituta

Gaur egun 19 bizikleta elektriko daude herrian

Pasaiako Udalak 14 bizikleta elektriko berri erosi ditu herriko bizikleta-mailegu zerbitzua berritzeko eta hobetzeko. Gaur egun, zerbitzuak 19 bizikleta elektriko ditu erabilgarri.

Julen Rodriguez Kiroletako zinegotziak azaldu duenez: “Kirolaren eta bizi-kalitate osasuntsu baten aldeko apustuarekin jarraitzen dugu. Horregatik, egoera txarrean zeuden bizikletak ordezkatu eta 14 berri erosi ditugu. Eguraldi ona dator, eta aukera bikaina da bizikleta hartu eta Pasaian, Donostian edo Oarsoaldeko udalerrietan barrena ibiltzeko”.

Bizikleta berriek 14.703,58 euroko kostua izan dute, eta kostu hori Energiaren Euskal Erakundearen dirulaguntza bati esker finantzatu da. Erakunde horrek 3.780 euro eman dizkio Udalari, Inbertsioak eraginkortasun energetikoan, energia berriztagarrietan eta mugikortasun eraginkorrean programaren bidez.

Mailegu sistemaren antolaketa

Bizikletak bost gunetan daude eskuragarri:

  • San Pedro: Udal gimnasioan.
  • Trintxerpe: Kirol Sailean eta Trintxerpeko kirolgunean.
  • Donibane: Kirolgunean.
  • Antxo: Ibaiondo frontoian (aurki erabilgarri).

Erabiltzaile izateko modalitateak

Herritarrek hiru modalitate hauetatik bat aukeratu dezakete:

  1. Pasaiako kirolguneetako bazkideek: Zerbitzua doan, abonuaren indarraldia amaitu arte.
  2. Pasaian erroldatuta dauden, baina bazkide ez diren herritarrek: urteko txartela eskuratu beharko dute, 10,91€.
  3. Pasaian erroldatuta ez daudenek eta bazkide ez direnek: Tarifak erabileraren arabera:
    • 1,5 ordu: 5,45 €
    • 3 ordu: 8,75 €
    • Goiz edo arratsalde osoa: 13,07 €
    • Egun osoa: 19,55 €

Alta emateko lekuak

HAZ bulegoak

  • Donibane: Arizabalo jauregia, Donibane kalea 19
  • Trintxerpe: Alkateordetza, Euskadi etorbidea z/g
  • Antxo: Hamarretxeta kalea 22-24

Kirolguneak

  • Donibane: Donibane kalea 1
  • Trintxerpe: Azoka eraikina, Euskadi Etorbidea z/g

Bizikleta hartzeko prozesua

  • Erabiltzaile izateko, alta eman beharra dago eta adinez nagusia izan behar da. 16 urtetik gorakoak ere izan daitezke erabiltzaile, behar bezala identifikaturiko legezko tutorearen baimena izanez gero.
  • Interesdunak sistema erabiltzeko baldintzak sinatu beharko ditu.
  • Zerbitzuaren erabiltzailea udalerriko mailegu-guneetako batera joango da ezarritako ordutegiaren barruan, eta sistemako bizikleta bat erabili nahi duela adieraziko du.
  • Interesduna sisteman alta emanda dagoela egiaztatu ondoren, bizikletaren giltza emango zaio.

Bizikleta erabiltzeko baldintzak udal webgunean kontsulta daitezke Jarduera Fisikoa eta Kirola atalean.