Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2021/12/17

12 cm erakusketaren 26. edizioa

San Pedroko udal aretoan, abenduaren 17tik urtarrilaren 16ra bitartean

Abenduaren 15ean, Pasaiako alkate Izaskun Gómezek, Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi Andrea Palomaresek, Hendaiako Begiradak elkarteko kide Angela Mejiasek, eta Ricardo Iriarte eta Oier Villar artistek 12 cm erakusketaren 26. edizioa aurkeztu zuten. 26 urte bete dira 1995ean Pasaian artista batzuk elkartu eta erakusketa berezi hori abian jarri zutenetik. Lehen edizio hartan 35 artistak parte hartu zuten, 2021ean 207k.

Erakusketa irekia, askotarikoa eta ludikoa da hori. Era guztietako teknika eta diziplinak hartzen ditu barne (pintura, eskultura, argazkilaritza, bideoa...), eta leku askotako artistak biltzen ditu. Tamaina txikiko lanak, baina kalitate handikoak.

Aurtengoan Belen Moreno arduratu da erakusketari irudia ematen dion kartelaren diseinuaz.

Iaz 25 urte bete zituen erakusketak, eta data esanguratsu hori ospatzeko Ricardo Iriartek eta Oier Villarrek dokumental bat egin dute. Era batera edo bestera, erakusketarekin lotura duten hainbat lagunek beren bizipenez gain, 12 cm erakusketari buruz zer ikuspegi duten azalduko digute. Eskerrak eman nahi dizkiegu haien testigantza eskuzabaltasun osoz eman diguten guztiei. Ordu hartan dokumentala aurkeztu nahi izan genuen, baina ez zen posible izan. Orain iritsi da unea eta ostiralean 19:00etan egingo dugu lehen pasea. Larunbatetik aurrera, erakusketa ikustera joaten diren guztiek ikusi ahal izango dute. Pasaiako Udalaren webgunean ere eskuragarri egongo da.

Erakusketa Pasai San Pedroko Udal Aretoan egongo da ikusgai urtarrilaren 16ra arte, eta otsailean eta martxoan Hendaian eta Arguedasen izango da, ohi bezala. Erakusketara bertaratzera animatzen zaituztegu, erakusketaz gozatzera; ez zarete damutuko.

(Hemen aurkituko duzu bideo honen bertsio luzeagoa)