Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2017/04/20

“Aparkatu zure axolagabetasuna” erakusketa Ciriza etxean, Caritas antolatua

Apirilaren 24tik 30era

Caritas Gipuzkoa hainbat jarduera egiten ari da, 50. urteurrenaren harira. Urte hauetan guztietan Caritas Gipuzkoa une eta egoera sozial gogorrei aurre egiten aritu da, gehien sufritzen duten pertsonei laguntzeko ekintzak burutuz.

50. urteurrenaren baitan Pasai San Pedroko eta Trintxerpeko elizbarrutietako Caritasek bat egin nahi du pobreziaren errealitatea eta gizarte-bazterkeria ezagutarazteko ekintza batekin. 

Horretarako, “Aparkatu zure axolagabetasuna” izeneko erakusketa antolatu dugu; ohikoa ez den modu batez bazterkeria-egoera horien berri emateko eta jendea sentsibilizatzeko.

Pobrezia eta gizarte-bazterkeriaren aurpegi ezberdinak irudikatuko dira era erraz baina zuzen batean, panel eta elementu grafiko eta bisualen bidez. Horietan “etxerik gabeko pertsonen”, migratzaileen edo buruko gaixotasunak dauzkatenen errealitateak azalduko dira, besteak beste. Bisitariak errealitate horietara hurbilduko dira, jarritako eszenarioen bidez.

Erakusketa honen bidez, jarduteak duen garrantziaz sentsibilizatu eta kontzientziatu nahi dugu jendea; norberaren eskuetan baitago norbaiten bizitza hobetzea. Gure bizitzeko, jarduteko eta jokatzeko moduarekin gure inguruan aldaketa positiboak eragin ditzakegu.

Orain aipatutako edukiez gain, bestelako edukiak ere topatuko dituzue erakusketan. Beraz, erakusketara azaltzeko gonbita egiten dizuegu. Ciriza etxean egongo da zabalik apirilaren 24tik 30era 18:00etatik 20:00etara astelehenetik ostiralera, eta 11:30etik 13:30era larunbatean eta igandea.