Babesleku klimatikoak
Babesleku klimatikoak

Bero handiko egunetan freskatzeko eta atseden hartzeko guneak
Tenperatura altuak eta bero-boladak gero eta ohikoagoak dira. Horrelako egunetan, Pasaiako babesleku klimatikoek bero handienetik babesteko eta une batez freskatzeko toki erosoak eskaintzen dituzte. Kanpoko espazioak izan daitezke, hala nola parkeak edo itzala duten guneak, baita barruko udal-ekipamenduak ere.
Klima-aldaketaren ondorioz, tenperatura altuko egunak eta bero handiko gertakariak gero eta nabariagoak dira...
Beroak pertsonen osasunean eragina izan dezake eta, bereziki, beroarekiko sentikorragoak diren pertsonentzat arriskua handitu dezake. Horregatik, Pasaia beroari egokitzeko neurriak hartzen ari da. Lurraldean ere babesleku klimatikoen sareak garatzen ari dira, herritarrek bero handiko uneetan baldintza termiko hobeak dituzten espazioak eskura izan ditzaten.
Babesleku klimatikoa ez da, nahitaez, espazio berri bat. Parke, plaza, liburutegi, kultur etxe edo bestelako ekipamendu batek bere ohiko erabilera mantendu dezake eta, aldi berean, bero handiko egunetan babes klimatikoa eskaini tenperatura, itzala, irisgarritasuna edo atseden hartzeko aukerari lotutako baldintza egokiak baditu.

1. Aurkitu gertuen duzun babeslekua
Pasaiak kanpoko eta barruko babesleku klimatikoen sarea du. Mapan babesleku bakoitzaren kokapena kontsulta dezakezu, baita erabilgarri dagoen informazio praktikoa ere.

Kanpoko babeslekuak
Parkeak, plazak eta bestelako espazioak dira, bero handiko egunetan atseden hartzeko baldintza egokiagoak eskaintzen dituztenak.

Barruko babeslekuak
Herritarrentzat irekita dauden udal-ekipamenduak dira. Kontuan izan barruko babeslekuen erabilera ekipamendu bakoitzaren ordutegiaren araberakoa dela.
Babesleku klimatikoen sarearen helburua ez da hainbat espazio zerrendatzea.
Garrantzitsua da herritarrek gertu, erraz eta modu seguruan erabiltzeko aukera izatea.
Hona hemen zaindu beharreko ezaugarriak: babeslekuen banaketa udalerrian, oinez iristeko behar den denbora, garraio publikoarekiko lotura eta bertara iristeko ibilbidearen erosotasuna. Ibilbidea aztertzean maldak, oztopo arkitektonikoak, distantziak, garraio publikoa, itzala, zuhaitz-estaldura eta ura hartzen dira kontuan.
2. Zer dira Babesleku Klimatikoak?
Babesleku klimatikoa bero handiko egunetan baldintza erosoagoak eskaintzen dituen espazioa da. Beroaren eragina arintzeko eta herritarrei freskatzeko eta atseden hartzeko toki bat eskaintzea da helburua. Babeslekuak barruan nahiz kanpoan egon daitezke eta herritar guztiek erabil ditzakete.
Ez da beharrezkoa larrialdi-egoeran egotea babesleku batera joateko. Beroak nekatzen bazaitu, atseden hartu nahi baduzu edo eguzkitik eta tenperatura altuetatik tarte batez babestu nahi baduzu, erabili dezakezu.
Babesleku klimatiko bat konfort termikoko baldintza hobeak eta seguruak eskaintzen dituen espazioa da.
Babesleku klimatiko bat konfort termikoko baldintza hobeak eta seguruak eskaintzen dituen espazioa edo ekipamendua da, herritarrek bero handiko uneetan atseden hartu, freskatu eta kanpoko tenperaturarekiko esposizioa murriztu ahal izateko. Barruko ekipamendua izan daiteke, liburutegi edo kultur etxe bat, edo kanpoko espazioa, parkearen, plazaren edo itzal handiko eremu baten modukoa.
Espazio horiek ez dute urte osoan babesleku izateko erabilera esklusiborik. Gehienek ohiko funtzioa mantentzen dute eta, bero handiko egoeretan, babes klimatikoa eskaintzeko duten gaitasuna aktibatu, identifikatu eta herritarrei komunikatzen zaie. Beraz, liburutegi batek liburutegi izaten jarraitzen du eta parke batek parke. Sareak beroaren aurrean ere baliagarri bihurtzen ditu dagoeneko herrian dauden baliabide horiek.

3. Nolakoak dira?
Pasaiako babesleku klimatikoek hainbat ezaugarri dituzte:
- Doakoak dira – Ez da ordaindu behar bertan egoteko.
- Herritar guztientzat dira – Edonork erabil ditzake.
- Irisgarriak dira – Ahalik eta pertsona gehienek erabiltzeko moduko espazioak dira.
- Beroaren aurrean erosoagoak dira – Itzala, landaredia edo barruko tenperatura egokiagoa eskaintzen dute.
- Atseden hartzeko aukera ematen dute – Bero handiko uneetan geldialdi bat egiteko erabil daitezke.
- Identifikatuta daude – Babesleku klimatikoak seinale berezi baten bidez ezagutu ahal izango dituzu.
Espazio bat babesleku klimatiko gisa identifikatzeko ez da nahikoa «freskoa» dela pentsatzea.
Hainbat alderdi aztertzen dira: tenperatura eta konfort termikoa, irekiera-ordutegia, irisgarritasuna, doako sarbidea, atseden hartzeko aukera eta eskaintzen dituen zerbitzuak.
Babeslekuak bero-arrisku handiena dagoen garaietan erabilgarri egotea ere garrantzitsua da. Horregatik, udako ordutegiak, asteburuak edo abuztuko irekiera kontuan hartu behar dira. Era berean, ur edangarria, komunak eta atseden hartzeko tokiak izatea baloratzen da.

4. Norentzat dira?
Babesleku klimatikoak pertsona guztientzat dira, baina bero handiak ez digu guztioi berdin eragiten. Horregatik, bereziki baliagarriak dira beroarekiko sentikorragoak izan daitezkeen pertsonentzat: adinekoentzat, haur txikientzat, haurdun dauden emakumeentzat edo gaixotasun kronikoak dituzten pertsonentzat.
Garrantzitsua: babeslekua ez da osasun-zentro bat
Babesleku klimatikoen helburua bero handitik babesteko eta atseden hartzeko espazio bat eskaintzea da. Ez dute osasun-arretarik eskaintzen.
Pertsona batek beroaren ondorioz ondoeza edo osasun arazo bat badu, osasun zerbitzuetara edo larrialdi zerbitzuetara jo behar du.
5. Bero handia egiten duenean, zaindu
Babesleku klimatikoak lagungarriak dira, baina bero handiko egunetan beste neurri batzuk ere hartzea komeni da.
Hidratatu
Ura edan, egarria izan arte itxaron gabe.
Saihestu bero handieneko uneak
Ahal den neurrian, saihestu eguzkitan egotea eta jarduera fisiko handia egitea eguneko ordurik beroenetan.
Bilatu leku freskoak
Itzalean edo tenperatura atseginagoa duten barruko espazioetan egon. Beharrezkoa bada, babesleku klimatiko batera gerturatu.
Babestu eguzkitik
Arropa arina eta erosoa jantzi, burua eta azala eguzkitik babestu.
Zaindu ingurukoak
Arreta berezia eman adinekoei, haur txikiei eta beroarekiko sentikorragoak diren pertsonei.
Eta gogoratu!
Bero handiko egoeretan, jarraitu beti osasun- eta larrialdi-zerbitzuen gomendio ofizialak (euskadi.eus).
Bero handiko egoeretan prebentzioa indartu, eguraldiaren iragarpena eta abisu ofizialak kontsultatu eta eguneko jarduera egoerara egokitu.

6. Pasaia beroari egokitzen
Klima-aldaketaren ondorioz, tenperatura altuko egunak eta muturreko bero-boladak gero eta erronka handiagoa dira gure herrian. Horregatik, Pasaiako Udalak herria klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko lanean dihardu.
2024an, Udalak Pasaiako azpiegitura berdea eta babesleku klimatikoak identifikatzeko prozesua abiatu zuen. Lan horri esker, bero handiko egunetan herritarrei baldintza erosoagoak ematen dituzten kanpoko eta barruko espazioak identifikatu dira.
Zer da azpiegitura berdea?
Parkeak, zuhaitzak, lorategiak, ibaiertzak eta bestelako berdeguneak ez dira soilik aisialdirako espazioak. Naturak herrian presentzia izateak berebiziko garrantzia du; hala nola itzala eskaintzen, tenperatura arintzen, airearen kalitatea hobetzen eta biodibertsitatea babesten. Horregatik, Pasaiako azpiegitura berdea herria atseginagoa, osasungarriagoa eta klima-aldaketaren aurrean erresilienteagoa egiteko tresna garrantzitsua da.
Beroari egokitzea ez da babesleku batzuk mapan kokatzea bakarrik.
Hiriaren diseinuak berak eragin handia du kalean sentitzen dugun tenperaturan: lurzoruaren materialek, eraikinen eta kaleen antolamenduak, itzalak eta landarediak espazio baten konfort termikoa baldintzatzen dute. Horregatik, zuhaitzak landatzea, berdeguneak sendotzea, itzala sortzea edo naturan oinarritutako konponbideak erabiltzea klima-aldaketara egokitzeko estrategia bereko neurriak dira.
Azpiegitura berdeak beroari aurre egiteaz harago, bestelako onurak eskaintzen ditu. Adibidez, berdegune eta ekosistema osasuntsuek biodibertsitatea eta prozesu ekologikoak mantentzen laguntzen dute. Naturguneak babesteak eta konektatzeak azpiegitura berdea indartzen du.
Informazio gehiago







