Alkatearen Agurra

Ongi etorri Pasaiara!

Bizilagun eta bisitari maiteak:

Harrotasunez adierazten dizuet nire gain hartzen dudala eman didazuen erantzukizun handi hau. Zintzoki eskertu nahi dizuet emandako babesa, eta, aldi berean, hitzematen dizuet saiatuko naizela zuek espero duzuen maila ematen. Gure lanaren ardatz izango dira hurbiltasuna, gardentasuna eta herritarren parte-hartzea;  agintaldi hau gobernantza-eredu berri baten isla izan dadin, entzute aktiboan oinarritua eta pertsonak gure politika guztien erdigunean jarrita.

Lehenengo egunetik nahi izan dugu zuetako bakoitza gure udalerriari eragiten dioten erabakien parte aktibo izatea. Horretarako, Alkateordetzako zerbitzuak berraktibatu ditugu; hilabete guztietako lehen eta hirugarren asteazkenetan egiten dira lau barrutietan. Bilera horiek gure gobernantza-ereduaren funtsezko tresnetako bat dira. Izan ere, bertan, bizilagunok aukera duzue zuen proposamenak, kezkak edo ezinegonak bertatik bertara helarazteko barrutietako alkateordeei.

Aurrez aurreko zerbitzu horiez gain, hasieratik ari gara prozesu parte-hartzaileak antolatzen, gure udalerriaren etorkizunerako funtsezkoak diren gaietan zeuen iritziak eta beharrak ezagutzeko; sinetsita baikaude azken hitza beti herriak duela. Ildo horretan, Eskubidean planean baliabideak eta arreta jartzen jarraituko dugu. Izan ere, plan horren bidez, gure udalerriaren funtsezko parte diren haur eta nerabeek beren proposamenak helarazten dizkigute, eta Pasaia hobetzen laguntzen digute, haien bizipen eta beharretatik abiatuta.

Pasaia hobetzea dugu helburu. Pasaia jasangarriagoa, feministagoa eta inklusiboagoa nahi dugu, eta gero eta euskaldunagoa. Eskubide sozialak bermatuta dituen udalerri bat nahi dugu; zaintza duinak izango dituena, bai jasotzen dituztenentzat, eta baita horiek eskaintzen dituztenentzat ere. Gizarte politikek behar gehien dutenak babestuko dituen Pasaia bat. Gobernu honek konpromisoa hartu du berdintasunean, gizarte-ongizatean eta elkartasunean aurrera egiteko, horiek printzipio ukaezin gisa hartuz.

Horretarako, behin eta berriz errepikatuko dugu, gure herrian pertsona guztiek tratu duina jasotzeko eskubide berbera dutela,  haien jatorria, sinesmenak, identitatea edo orientazio sexuala edozein izanda ere. Aniztasunak aberastu eta indartu egiten gaituelako komunitate gisa.

Prozesu honetan guztian tokiko merkataritza eta kultur eskaintza aberatsa eta askotarikoa sustatzeko konpromisoa hartzen dugu. Betiere, trantsizio energetikorantz eta mugikortasun jasangarrirantz eramango gaituzten ereduetan oinarrituta, gure karbono aztarna murrizteko eta gure espazio naturalak zaintzeko helburuarekin, badiaren inguruko aberastasuna errespetatuz.

Oinarri horiekin aurrera egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen dut, ilusioz eta gogo biziz, herri indartsuago eta kohesionatuago bat eraikitzearren, betiere zuen eskutik. Elkarrekin, etorkizunari itxaropenez eta baikortasunez begiratzeko leku bihurtuko dugu Pasaia. Hau baita batera garena.

Nire konpromiso eta gertutasun guztiarekin,

Udal gobernuaren 2023-2027 Agintaldi Plana