Tokiko agenda 21
Zer da Tokiko Agenda 21?
Tokiko Agenda 21 udalerriko garapen iraunkorrerako bidean aurrera egiteko eta horretarako eman beharreko pausoak definitzeko tresna estrategikoa da, ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-politikak modu integralean jorratzen dituelarik. Honen guztiaren garapenean, ordezkari politikoen, udal teknikarien eta herritarren parte-hartzea nahitaezko elementuak dira.
Tokiko Agenda 21ek Ingurumenari eta Garapen Iraunkorrari buruzko Nazio Batuen Konferentzian du jatorria, Lurraren Gailurra deiturikoan. 1992. urtean Rio de Janeiron ospatutako biltzar honetan 178 herrialdek parte hartu zuten eta bertan ezarri zen XXI. menderako ekintza programa, Agenda 21 izenekoa.
Euskadin, Tokiko Agenda 21en aldeko apustua egin du Udalsarea 2030ek, udalerri jasangarrien euskal sareak, eta berau osatzen duten udalerri eta eskualdeek jasangarritasunaren alde lan egiten dute, nazioarteko politika eta jarraibideen bide beretik aurrera eginez.
Zer dira Garapen Jasangarriaren Helburuak?
Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH), Milurteko Garapen Helburuen oinordekoak dira eta Nazio Batuen Agenda 2030en testuinguruan onartu ziren 2015. urtean izandako Garapen Jasangarriari buruzko Mundu Gailurrean. 17 helburu dira guztira, eta herrialde guztiei oparotasuna ekartzea eta aldi berean planeta babestea dute xede.
Tokiko Agenda 21 eta GJH Pasaian
Pasaiako Udalak 2004. urtean heldu zion Tokiko Agenda 21i, Oarsoaldeko Garapen Agentziaren bidez. Pasaiako diagnostikoa egin bazen ere, ez zen ondorengo ekintzarik definitu, nahiz eta udalak hainbat alderditan iraunkortasun gaiak landu izan dituen.
2017an Tokiko Agenda 21en gaiari berriz heldu zion udalak, horren gaineko lanketa eginez eta Udalsarea 2030eko kide izatera pasatuz. Prozesu horretan ezinbestekoa izan da udal politikari eta teknikarien eta herritarren parte-hartzea, eta fase bakoitzean haien ekarpenak eta ikuspuntuak barneratu dira. Lanketan ondorengo pausuak jarraitu dira:
- Udalerriko diagnostikoa: udalerriko egoeraren analisia egin da; horretarako, Pasaiako ekonomia, gizartea, lurraldea eta ingurumena aztertu dira; eta eremu bakoitzeko gune sendoak azpimarratu dira eta hobetu beharreko gaietan arreta jarri da. Azterketa hori “Pasaiako Tokiko Agenda 21eko Iraunkortasun diagnostikoa, 2017” dokumentuan jaso da.
- Formulazio Estrategikoa: diagnostikotik abiatuz, 2030. urtean nolako Pasaia irudikatzen den jaso da dokumentu batean: “Pasaiako Tokiko Agenda 21eko Formulazio Estrategikoa, 2018”. Lanketa horretan 2030erako ikuspegia, 4 erronka eta 8 xede definitu dira.
- Ekintza Plana: aurreko bi dokumentuetan oinarrituz, 2019-2026 iraunaldia duen Ekintza Plana osatu da. Plan horrek 8 lerro estrategiko, 29 programa eta 147 ekintza ditu, eta “Pasaiako Tokiko Agenda 21eko Ekintza Plana, 2019” dokumentuan jasota dago.
Pasaiak lehen Ekintza Plan horretan kontuan izan ditu nazioarteko politika eta jarraibideak, horrela, udalerriko garapen iraunkorrarekin konprometitzeaz gain Garapen Jasangarriaren Helburuekin ere konprometitu da, eta Ekintza Plana helburu horiekin lerrokatu du.
Tokiko Agenda 21en kudeaketa
Tokiko Agenda 21ak plan “biziak” dira, eta benetan eraginkorrak izan daitezen eta ez daitezen zaharkituta geratu, horien jarraipena egitea ezinbestekoa da, planetan zehaztutako helburuen betetze-maila neurtu eta helburu berriak zehazteko.
Jarraipen horretan herritarren zein udal teknikari eta politikarien parte-hartze mekanismoak txertatuta daude. Horretarako, zenbait mahai daude osatuta udalean, bai herritarren foro orokorra, zein sektorekako foroak, baita udal teknikarien eta politikarien mahai eta batzordeak ere.
Pasaiak Planaren urteko kudeaketa egiten du:
- Ekintza Planaren EBALUAZIOA: planaren ezarpen maila neurtzen da, hau da, urtean zehar garatu diren ekintzen azterketa bat egiten da, eta horrek lortutako hobekuntzen berri ematen digu. Gainera, beharrezkotzat jotzen bada, planaren eguneraketa, datozen urteetarako programazioa eta abar egin daitezke.
- Ebaluazio emaitzen txostenak:
- 2019
- 2020
- …
- Ebaluazio emaitzen txostenak:
- Iraunkortasun ADIERAZLEEN kalkulua: urte bakoitzean gauzatzen diren jarduera zein ekintzei esker udalerriko zenbait arlotan izan den bilakaera azaltzen dute.
- Adierazleen kalkuluen txostenak:
- 2019
- 2020
- …
- Adierazleen kalkuluen txostenak: