“65a helburu” plana

“65a helburu” plana, gaikako bilketan eta birziklatzean aurrera egiteko

2018ko urrian 8.500 txartel bidali dira Pasaiako etxe guztietara, materia organikoa biltzeko edukiontziak irekitzeko.

Izaskun Gómez, alkatea: “Pasaian lortutako % 56ak frogatzen du ez dela beharrezkoa inposatzea, birziklatzeko. Plan berriarekin aurrera egiten jarraituko dugu, Europak ezarritako % 65eko helburua lortzeko”.

Pasaiako Udalak 65a helburu plana jarriko du abian, gaikako bilketaren eta birziklatzearen emaitzak hobetzearren. Plan horren helburu zehatza da Europak 2030erako ezarritako % 65eko helburua askoz ere epe laburragoan lortzea. Pasaiako alkate Izaskun Gomezek honako hau azpimarratu du: “udalerriak gailako bilketan lortutako % 56a San Markoko Mankomunitateko batez bestekoaren (% 46,7) eta Gipuzkoako batez bestekoaren (% 52,99) gainetik dauden arren, beharrezkoa da bultzada berri bat ematea, emaitza horiek hobetzeko eta Europak ezarritako helburuak gainditzeko" Horri dagokionez, alkateak berretsi du helburu hori lortu behar dela “beti borondatezko sistemen bitartez eta inposaketarik gabe”.

Xede horrekin Pasaiako Udalak “65a helburu” plana diseinatu du, zeinak bereziki indartu nahi duen materia organikoaren eta bio-hondakinaren gaikako bilketa. “Kontuan izan behar dugu materia organikoa zakar-poltsaren % 40 dela, eta atal horren bilketaren emaitzak hobetzea funtsezkoa dela Europako helburuak lortzeko.” Plan horretan hainbat neurri eta jarduketa jasotzen da, datozen hilabeteetan aplikatzeko; hasteko, edukiontzien sistema hobetuko da, eta herritarrentzako informazioa ere hobetuko da. Irizpide horiek onartu dira Udalak aurreko udaberrian egindako kanpainan ingurumen-hezitzaileek herritarrengandik jasotako iradokizun eta ekarpenak aztertu ondoren. 

Txartelarekin dabiltzan edukiontzi berriak

Planaren abiapuntu gisa, materia organikoa biltzeko edukiontziak ordeztuko dira: giltza mekanikoarekin zabaltzen diren edukiontziak kendu, eta horien lekuan 65 edukiontzi berri jarriko dira, txipa duten txartel magnetikoekin zabaltzen direnak. Herritarrek txartel berriak erraz eskura ditzaten, Udalak etxe guztietara bidali ditu txartelak, eta datozen egunetan jasoko dituzte herritarrek, txartelaren erabilerari buruzko argibideekin batera. Txartelaren bidez, edukiontzia irekitzeaz gain, herritarren parte-hartzea erregistratuko da, etorkizunean beherapenak eta hobariak ezarri ahal izateko. Urrian edukiontziak irekita egongo dira, eta azarotik aurrera edukiontziak itxi egingo dira, eta giltza beharko da horiek irekitzeko. Lehen urrats honek nabarmen zabalduko du organikoa birziklatzeko aukera izango duen pasaitar kopurua; izan ere, orain arte 4.000 familiak zuten edukiontziaren giltza, eta kanpaina honen bitartez, 8.500 txartel banatuko dira.

Izaskun Gomezek iragarri du edukiontzi berriak jarri eta txartela herritar guztiei banatu ondoren, poltsa konpostagarriak dohainik banatzeko makinak jarriko direla; makina horiek erosteko, Udalak lizitazio prozesua jarri du abian. “Jarduketa hauek estrategia baten lehen urratsak dira, hain zuzen ere, borondatezko parte-hartze sistemen bitartez zabor-bilketan eta birziklatzean aurrera egiteko estrategiarenak”.