Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/10/21
Adinekoentzako bizitzeko aukera eta eredu berriak aztertu dituzte Donibanen
Adinekoen Kontseiluak eskatuta antolatu du saioa Pasaiako Udalak

Urriaren 21ean, Pasaiako Udalak hitzaldi bat antolatu du Donibaneko Juanba Berasategi kulturgunean, Pasaiako Adinekoen Kontseiluak eskatuta, zahartzaroari eta bizikidetzari lotutako aukera berriak ezagutarazteko.
Saioan, Eusko Jaurlaritzaren Bizihabi programa aurkeztu dute bertako arduradunek, belaunaldien arteko bizitoki partekatuaren eredua herritarrei gerturatzeko. Aintzane Taberna Pasaiako lehen alkateorde eta Gizarte Ekintzako zinegotziak eta Alfredo Elguezabal Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko komunikazio aholkulariak eman diote hasiera ekitaldiari. Ondoren, Kuvu erakundeko talde teknikoak programaren nondik norakoak azaldu ditu, eta bertaratutakoek zalantzak argitzeko eta ideia berriak partekatzeko aukera izan dute.
Ekimenaren bidez, adinekoen bizi-proiektuak eta etorkizuneko beharrak lantzeko beste aukera batzuk ezagutarazi nahi izan dira, zahartzaroan nahiz gaztaroan bizitzeko modu desberdinen inguruko hausnarketa sustatuz.
Tabernak ekimenaren balorazio positiboa egin du, eta azpimarratu du garrantzitsua dela adinekoen errealitateak eta beharrak entzutea, baita horiei erantzuteko aukera berriak aztertzea ere. "Adinekoen Kontseilua bezalako parte-hartze guneek aukera ematen digute herritarren kezka eta beharrak zuzenean ezagutzeko, eta baita horiei erantzuteko ere. Gaurkoa horren adibide da, eta bide horretan jarraituko dugu, 65 urtetik gorakoen ahotsa entzuten eta eskaerei erantzuten", adierazi du.







