Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/05/07
Udalekuetan izena emateko kanpaina ireki da
Izena emateko epea maiatzaren 18an amaituko da eta nobedade gisa zaintza zerbitzua eskainiko da
Pasaiako Udalak Udaleku Irekiak antolatu ditu aurten ere. Giro alai eta atseginean egingo diren aisialdirako jardueren bidez, herriko haurrek euskaraz eta berdintasunean jolastu eta herriaz gozatzeko aukera izango dute.
Udalekuak ondorengo haurrei zuzenduta daude: Pasaian erroldatuta edo Pasaian ikasten dutenak, baldin eta 2016. eta 2022. urteen bitartean jaiotakoak badira (bi urteak barne), alegia, Haur Hezkuntzako lehen mailatik Lehen Hezkuntzako laugarren mailara arte, biak barne.
Uztailaren 1etik 30era izango dira, 09:30etik 13:00etara, astelehenetik ostiralera. Taldeak adina eta barrutia kontuan izanda antolatuko dira. Talde bakoitzak begirale bana izango du eta askotariko jarduerak egingo dituzte: tailerrak, jolasak, eskulanak, txangoak, irteerak igerilekura eta hondartzara, eta beste hainbat, adinaren arabera.
Zaintza zerbitzua
Aurten, lehen aldiz, zaintza zerbitzua eskainiko da aukeran barruti guztietan goizeko 08:30etik 09:30era.
Izen-ematea
Matrikulazio-epeak maiatzaren 7tik 18ra bitarte iraungo du. Aurten plaza-kopurua 360ra igo da guztira, eta, plaza kopurua gaindituz gero, zozketa egingo da. Izen-ematea Udalaren webguneko online tramiteen atalean edo HAZeko bulegoetan egin behar da.
Udaleku irekietako matrikula 81,81 €-koa da eta zaintza zerbitzuak 65 €-ko kostua izango du, beraz, zaintza zerbitzuan eta udaleku irekietan izena ematen duenak 146,81 € ordaindu beharko du. Ordainketa haurraren izenean egingo da kontu korronte honetan: Kutxabank ES55-2095-5400-02-1061652334. Hala ere, familia-errentaren arabera hobariak daude.
Izena emateko orriarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira: ordainagiria, haurraren osasun txartelaren kopia eta nortasun agiriaren edo familia-liburuaren kopia.







