Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/10/17

“Familia zaurgarrietan jarri du begirada” udal gobernuaren 2026rako zerga-proposamenak

Gazteriako tasen progresibitatea, etxebizitza hutsen gaineko errekargua eta portuko tasen eguneraketa dira ardatzak

Udal Gobernuak 2026ko ekitaldirako zerga eta tasen proposamena aurkeztu du. Teo Alberro Bilbao alkateak adierazi du “familia zaurgarrienengan” jarri dutela begirada proposamena osatzeko.

Pasaiako Udalak % 2,5eko eguneraketa orokorra proposatu du 2026ko ekitaldirako, zenbait salbuespenekin, kasu: Obra eta Instalazioen gaineko Zerga (OIZ), Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) edota Musika Eskolako zein Euskaltegiko tasak eta prezio publikoak. Igoera “neurritsua” dela ziurtatu du udalburuak, inguruko udalerrietan aplikatzen ari diren igoerak baino txikiagoa, eta udal gastuen eta diru-sarreren arteko oreka mantentzea du xede, zerbitzu publikoen kalitatea eta iraunkortasuna bermatzeko.

Alberrok azaldu duenez, “udal zerbitzuek (garbitasuna, mantentze-lanak, gazteria-, kultura- eta kirol-programak) kalitatezkoak izaten jarrai dezaten, beharrezkoa da eguneraketa arduratsu bat egitea, kostu orokorren igoeraren eta KPIaren bilakaeraren arabera. Horixe da guk egin duguna”.

Finantzaketa-bide berriak

Proposamenaren puntu nabarmenen artean, hiru finantzaketa-bide gehigarri aipatu ditu alkateak:

  • Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zerga igotzea: Zerga hau ordaindu behar dute urteko milioi eurotik gorako fakturazioa duten sozietate edo enpresek. Udalak erabaki du hurrengo ekitaldian zerga hori eguneratzea, portu-eremuan fakturazio handiena duten enpresek ekarpen handiagoa egin dezaten, ahalmen ekonomiko handiagoaren proportzioan.
  • Etxebizitza hutsengatiko errekargua OHZn: Merkatutik kanpo dauden etxebizitzak mobilizatzeko, eskaintzaren eta eskariaren gaineko presioa murrizteko, eta prezioen etengabeko igoera geldiarazten laguntzeko, aurrerantzean zerga honetan % 150eko errekargua ezarriko zaie justifikaziorik gabe hutsik dauden etxebizitzei (salbuespenak egongo dira, beraz).

Neurri horren gainean, Alberrok nabarmendu du erabakiaren helburua ez dela “diru-bilketa handitzea”. Aitzitik, iaz OHZn onartutako % 50eko hobariak osatzea du xede errekargu horrek. Iazko hobari horiei esker, euren etxebizitza hutsa alokairu publikoko programa batean eskuragarri jartzen duten bizilagunek (esaterako, Asap edo Bizigune programetan) deskontua izango dute zergan. Honek hurrengo filosofiari erantzuten dio, alkatearen arabera: “etxebizitza hutsak merkaturatzea, ahal dela, alokairuko alternatiba publiko gisa, gehienbat pasaitar gazteen emantzipatzeko aukerak errazteko”.

  • Pasaiako portuaren uraren tasa: Pasaiako portuko jarduerari udalak uraren erabileragatik ezartzen dion tasa eguneratu da, portuko jarduerei aplikatzeko ordaindu beharreko zenbatekoa edozein jarduera industriali ezartzen zaionaren parean jarriz. Izan ere, orain arte kobratu zaien tasa “eguneratu gabea eta erabat eskasa” da, “etxebizitza partikularrei kobratzen zaiena baino merkeagoa”, alkatearen arabera.

Progresibitatea gazteriako tasetan

Era berean, gazteria-programen (ludotekak eta udalekuak) tasetan progresibotasuna txertatzeko erabakia hartu du gobernuak, egoera ekonomiko zaurgarrian dauden familiek udal programetan parte hartzeko aukera izan dezaten erraztasunak jarriz.

Aldaketak hobari-sistema bidezkoago bat proposatzen du, bi irizpide nagusitan oinarritua: familiaren diru-sarreren maila eta seme-alaba kopurua. Helburua da udal-programak eskuragarri izatea familia guztientzat, eta esfortzu ekonomikoa proportzionala izatea bakoitzaren egoera ekonomikoaren arabera.

Alberro: “Orain arteko tasen egitura ez zegoen eguneratuta, eta desberdintasun handiak sortzen zituen herriko familien artean. Eguneraketarekin, udal baliabideak era bidezkoagoan erabiltzea proposatzen dugu, benetako beharra duten familiei arnasa emateko eta haur guztiek berdintasunez parte hartu ahal izateko gazteria arloko programetan”.

Udalaren proposamen berriak progresibitatea bi ildotan ezartzen du:

  • Diru-sarreren arabera: diru-sarrera baxuenak dituzten familiek hobari handiagoak izango dituzte, eta, ondorioz, tasa txikiagoak ordainduko dituzte.
  • Seme-alaba kopuruaren arabera: seme-alaba bakoitzeko hobari handiagoa aplikatuko da, gehienez hirugarren seme-alabaraino; hortik aurrerakoentzat hobari bera mantenduko da.

Lehen indarrean zegoen sisteman desoreka handiak zeuden egoera bertsuetan zeuden familien artean. Adibidez, soldata antzekoak dituzten bi familien artean, batek 3 seme-alaba izateagatik urtean 9 euro ordaintzen zituen ludotekan bakoitzagatik, eta besteak, 2 seme-alaba izanda, 42 euro bakoitzagatik.

“Salto horiek ez ziren ez bidezkoak ez zentzuzkoak. Proposamen berriak familia guztien parte-hartzea eta gazteen inklusioa sustatzen ditu, eta udal politikaren norabide soziala indartzen du: baliabide publikoen erabilera arduratsua, bidezkoa eta gaur egungo egoera sozioekonomikora egokitua. Eguneraketa hau gizarte-politiken aldeko apustua da, udalaren iraunkortasuna eta herritarren ongizatea uztartzen dituena”, adierazi du Alberrok.

Gobernuak 2026ko proposamena  helarazi die dagoeneko oposizioko taldeei, euren ekarpen edo proposamenak egin ditzaten.