Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/06/17

Sorginarri bildumaren 11. aleak San Pedroko arraunaren historia eta ondarea jaso ditu

Sentimendu baten garaipenak liburuaren aurkezpena ekainaren 22an izango da 19:30ean, Lonjako eraikinean

Pasaiako Udalak, Sanpedrotarra Arraun Elkartearekin lankidetzan, Sentimendu baten garaipenak liburua aurkeztuko du. Argitalpena Sorginarri udal bildumaren 11. alea izango da, eta ekainaren 22an aurkeztuko da jendaurrean, 19:30ean, Lonjako eraikinean.

Sorginarri Pasaiako Udalaren argitalpen-bilduma da, eta haren helburua udalerriaren historia, memoria eta ondarea herritarren eskura jartzea da. Bilduma honen bitartez Pasaiaren historia eta ondarea ezagutarazi nahi dira, metodologia zientifikoa erabiliz baina era ulergarri eta erakargarrian, herritar guztiengana iritsi dadin.

Imanol Urdanbide Etxeberria izan da idazlea eta 1854-2020 urte bitarteko San Pedroko arraunaren historia eta ondarea izan ditu aztergai. Urdanbidek  Sebastián Canoren laguntza izan du prozesuan zehar. Xabier Baztarrikak koordinatu du edizioa, eta Begoña Olaskoaga, Agustín Osa, José Ignacio Elortegi, Eugenio Urdanbide eta Sanpedrotarra Arraun Elkarteko Xabier Isasa aritu dira kolaboratzaile lanetan. Argazki eta informazio bilketan funtsezkoa izan da klubeko kideek jasotako informazioa, argazkiak eta datuak.

Aurkezpenean liburuaren sortze-prozesuaren inguruko xehetasun eta kontakizunak eskainiko dizkiete bertaraturikoei autore eta kolaboratzaileek. Saio irekia izango da.