Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/11/18
Santa Zezilia eguna ospatzeko, kalejira eta musika ekitaldia San Pedron
Azaroaren 22an, 17:00etatik aurrera eta pasaitar orori zuzendua
Azaroaren 22an musikaz jantziko da Pasaia berriro ere, Santa Zezilia eguna ospatzeko. Aurten, Pasaiako Udalak, Pasaia Musikalek eta Juanje Neira Musika Eskolak zenbait ekimen antolatu dituzte San Pedroko barrutian.
“Iaz Trintxerpen antolatutako ekitaldi bereziaren ostean, ospakizuna San Pedrora ekarri dugu aurten. Santa Zezilia eguna aukera paregabea da Pasaiaren kultur izaera agerian jartzeko: musikak lotzen gaitu, eta egun hau probestu nahi dugu Pasaiako eragileen ahalegina eta talentua aitortzeko. 17:00etan hasiko dugu kalejira Torreko plazatik, eta herriko elkarte eta eragileek, herritarrekin batera, San Pedroko kaleak hartuko dituzte”, aipatu du Laura Ré Kulturako zinegotziak.
Kalejiraren ibilbidea honakoa izango da: Torreko plaza, San Pedro kalea, Pasaman Alarguna, Morales Oliber plaza, Frontoiko Zumardia eta Markina Ingeniariaren kalea, eta San Pedroko elizan amaituko da.
“Behin elizara iristen garenean, 17:45 aldera, musika ekitaldiari emango diogu hasiera. Gure herriko eguneroko kultur jarduna posible egiten duten eragile eta elkarteen arteko elkarlana zuzenean ikusteko aukera polita izango da hori” gaineratu du Rék.
Ekitaldian elkarte edo eragile hauek parte hartuko dute:
- Pasaiako Musika Fundazio Publikoa – Pasaia Musikal
- Illumbe Musika Banda
- Illumbe Txistu Taldea
- Sorginarri Txistu Taldea
- Itsasmendi Txistu Taldea
- Lamiak Dantza Taldea
- Lintxua Dantza Taldea
- Alkartasuna Dantza Taldea
- Tirri Tarra
- Pasaiako Erraldoiak
- Pasai Antxoko Gaiteroak
- Juanje Neira Udal Musika eta Dantza Eskola
Udalak herritar guztiei bertaratzeko deia egiten die. Ekitaldia irekia da eta elizara sartzeko sarrera librea izango da, edukiera bete arte.







