Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/05/30
Pasaiako Udalak "San Juanen ondarea" batzordearen hirugarren bileran parte hartu du
Albaolan izan zen, maiatzaren 26an

Teo Alberro Pasaiako alkateak eta Iraitz Pazos zinegotziak "San Juanen ondarea" batzordearen hirugarren bileran parte hartu zuten. Topaketa joan den maiatzaren 26an egin zen Albaolako Kanalin gunean, eta bertan izan ziren, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Espainiako Gobernuko, Kanadako Gobernuko, Pasaiako Portuko eta Albaolako ordezkariak. Parte-hartzea zabala izan zen, bai aurrez aurre, bai birtualki.
Erakundeetako ordezkariek bertatik bertara ezagutu ahal izan zituzten "San Juan" balea-galeoi transozeanikoaren erreplika eraikitzeko azken faseko garapen-planaren aurrerapenak, eta galeoiaren uretaratzeari buruzko xehetasunak erabaki ziren. Era berean, batzordeko pertsonek eta erakundeek proiektua babesteko egin dituzten ekimenak eta ekintzak partekatu ziren.






