Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/03/04

Donibaneko saneamenduaren proiektuak 60 herritar bildu ditu batzar irekian

Faseak, eraginak eta epeak izan dituzte hizpide

2026ko martxoaren 3an, 18:30ean, Donibaneko kulturguneko erabilera anitzeko aretoan, barrutiko saneamendu proiektuaren inguruko batzar irekia antolatu zuen Pasaiako Udalak bizilagunekin. Bertaratze handia izan zuen saioak (60 lagun inguru), eta horren gaineko balorazio “oso positiboa” egin dute udal ordezkariek, herritarrekin sustatu nahi den bertatik bertarako eta etengabeko harremanerako beste urrats garrantzitsu bat izan zelako.

Saioaren helburua izan zen saneamendu proiektuak azken urteotan izan duen bilakaera herritarrei modu argian azaltzea, gaur-gaurkoz dauden zalantzak argitzea, eta hurrengo urratsen inguruan elkarrizketa partekatua sustatzea, inplikatutako alde guztien ardurak eta zereginak mahai gainean jarriz.

Udal ordezkari gisa bertan izan ziren Aintzane Taberna Donibaneko alkateordea, Iraitz Pazos Hirigintza eta Ingurumeneko eta Zerbitzuetako zinegotzi arduraduna, Joxe Mitxelena Zerbitzu, Sare eta Mantentze-lanen Saileko arduradun teknikoa eta Maitane Barrenetxea Partaidetzako teknikaria.

Kronologia

Pazosek proiektuaren kronologiaren errepaso zehatza egin zuen, gogoraraziz 2009ko lehen proiektutik gaur egunekora arteko ibilbidea “luzea eta konplexua” izan dela; “bizilagunek merezi dutena baino askoz luzeagoa”. 2021eko urrian saneamenduaren aurreproiektua publikoki aurkeztu zen, 2023ko apirilean Gipuzkoako Foru Aldundiak Bonantza-Santiago plaza zatiko eraikuntza proiektua onetsi zuen, baina 2025ean baloratu zen egokiagoa zela obrei Bizkaia plazatik hasiera ematea, eta, aurreko planteamendua alde batera utzita, fase horri dagokion proiektu teknikoa garatzeari ekin zitzaion.

Gaur egun, Bizkaia plaza inguruko exekuzio proiektua idazketa fasean dagoela jakinarazi zuen zinegotzi arduradunak atzo, eta Aldundiak Udalari emandako epeen arabera, proiektu horren idazketa maiatzean amaitzea dago aurreikusita. Ondoren, jendaurrean jarriko litzateke alegazioetarako, hitzarmen berria sinatu, udan lanak kontratatu, eta 2026ko udazkenean obrak hasiko lirateke. Aldundiak diseinatutako kronogramaren arabera, beraz, lanak urtea amaitu baino lehen hasiko lirateke.

Horiek horrela, lehen faseak eragingo dien eremuen errepasoa egin zen atzoko saioan —Juan XXIII kalea, Bizkaia plaza eta Donibane kalearen hasierako eraikinak—, eta jarduketa partikularrek zein bizilagun komunitateek egin beharreko lanek izan ditzaketen ondorio tekniko eta ekonomikoen berri eman zen.

Galdera eta ekarpenak

Herritarrek egindako galderak eta ekarpenak “askotarikoak” izan zirela aitortu du barrutiko alkateordeak: “Lehen faseko obren iraupenari, trafikoan eta aparkalekuetan izango diren eraginei, ponpaketa sistemen ezaugarriei edo euri uren kanalizazioari buruzko xehetasunak eskatu zituzten”. Era berean, hurrengo faseei buruzko zalantzak eta proposamenak plazaratu ziren, Donibaneko kale zaharrari eragingo dioten esku-hartzeak lehenbailehen aurreratzeko eskaria eginez.

“Proiektu hau gehiegi luzatu da, eta horrek sinesgaiztasuna eragin du bizilagunen artean”, aitortu du Tabernak. Hala ere, azpimarratu du udal gobernu honen borondatea eta lana etengabeak izan direla, 20 bilera inguru izan ditu Udalak Aldundiarekin eta obran inplikatutako beste erakundeekin (Añarbe eta URA), 7 bilera herritarren plataformarekin, eta saio publiko ireki bat. “Gardentasunez jokatu dugu eta horrela jarraituko dugu. Gure konpromisoa argia da: lehentasunez obrari ekitea, eta horren garapenaren jarraipen zorrotza egitea, eta gidaritza hartzea, erakunde bakoitzak dagozkion eginkizunak premiaz abia ditzan”, gaineratu du.