Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/02/05

Pasaiako haur eta nerabeen partaidetza aktiboa bultzatzeko saio bateratua burutu da Donibanen

115 haur eta nerabe elkartu dira Juanba Berasategi aretoan udaleko ordezkari politiko eta langileekin batera

Donibaneko Juanba Berasategi aretoan egin da “Eskubidean” planaren VI. Saio Bateratua. Pasaiako hiru ikastetxeetako 115 haur eta nerabe baino gehiagok euren kezkak eta beharrak landu dituzte eta ikasturtean zehar landuko dituzten proiektuak partekatu dituzte udal ordezkari eta langileekin. Izan ere, saioan izan dira La Anunciata, Karmengo Ama eta Pasaia-Lezo Lizeoko 10 eta 16 urte bitarteko gazteak, Pasaiako Udaleko hautetsiak eta teknikariak eta udal zerbitzuetako hezitzaileak.

Pasaiako alkate Teo Alberrok azpimarratu du Eskubidean plana dela udalaren tresnarik indartsuena haur eta nerabeen ahotsa zuzenean entzuteko eta haien nahi eta beharrak udal politiketan txertatzeko: “Plan honen bidez, haur eta nerabeei entzuteaz gain, haiek Pasaiaren oraina eta etorkizuna eraikitzeko eragile aktibo bihurtzen dira. Haien begirada ezinbestekoa da herri justuago, inklusiboago eta hezitzaileago bat eraikitzeko”, adierazi du.

Era berean, saio bateratua urteroko funtsezko hitzordua dela nabarmendu du alkateak: “Urtero egiten dugun topaketa honek aukera paregabea eskaintzen digu udalaren eta haur eta nerabeen arteko harremana sendotzeko, elkar ezagutzeko eta elkarrekin lan egiteko. Ez da jardunaldi isolatu bat: urte osoko lanari zentzua ematen dion momentu giltzarria da”.

Ondo pasatzeko zein elkarlanerako denbora egon da saio bateratuan: udal politikariekin elkarrizketan aritu dira; mahai gainean jarri dituzte Pasaiako espazio eta konponketa beharrak, eta horietatik lehentasunezkoak eta egingarriak direnak identifikatu dituzte; barrutietako jai-egitarauak osatzeko zein ekintzak antolatzeko prest leudekeen adierazi dute; saioaren bideo-kronika osatzeko kazetari lanetan aritu dira; eta udalak haur eta gazteei zuzendutako udal zerbitzuak gertutik ezagutu eta euren zalantzak bertako hezitzaileekin partekatzeko aukera izan dute.

Ikastetxeetako gaztetxoak barrutika elkartu dira. Barruti bakoitzean euren adinekoei zuzendutako kultur ekintzak antolatzeko helburuarekin, elkarrekin pentsatzen eta lanean aritu dira. Udal gobernuak, bere aldetik, barruti bakoitzeko proiektu esanguratsuenak aurkeztu dizkie.

Saio bateratu honen ostean, haur eta nerabe horiek lanean jarraituko dute ikastetxeetan sortuta dauden taldeetan, parte-hartze eskubidea praktikan jarri eta Pasaia hezitzaileago elkarrekin eraikitzeko bidean.

Saio Bateratua 2026