Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/12/12

Akordio historikoa Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan: %30eko soldata-igoera eta lan-baldintzen hobekuntza

Udal Gobernuak positiboki baloratu du akordioa eta harro agertu da egindako lanagatik

Pasaiako Udal Gobernuak oso balorazio positiboa egin du Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan aritzen diren langileek eta haien ordezkaritza sindikalak enpresarekin sinatutako hitzarmen berriaren inguruan. Aintzane Taberna Ezkurra Gizarte Ekintzako zinegotzi arduradunak nabarmendu du prozesu "luzea eta maldatsua" izan den arren, akordio sendo eta garrantzitsua lortu dela, sektore honen lan-baldintzak nabarmen hobetzen dituena.

Hitzarmenak %30eko soldata-igoera, atseden egun gehiago, 25 orduko gutxieneko lanaldia eta hainbat eskubide eta plusen eguneraketa jasotzen ditu. Gainera, langileentzako formakuntza espezializaturako eta euskararen gaitasuna indartzeko neurriak ere barne hartu dira.

"Ez da izan bide erraza", mintzatu da taberna. "Ehundik gora greba egun, bilerak, telefono deiak, aukera eta eredu desberdinen etengabeko azterketa, eta urtebetetik gorako negoziazioak dira akordio honen atzean dagoen lan kolektiboaren lekuko. Eta Pasaiako Udal Gobernutik argi berretsi nahi dugu honako hau: langileen eskubideen aldeko borroka legitimo honek bultzatu du benetako aldaketa. Zaintza lanak urte luzez ikusezin bihurtu dituen sistemari aurre egin dio kolektibo honek, eta gaurko lorpena euren irmotasun eta antolakuntzaren fruitua da".

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua sektore feminizatua eta bereziki prekarioa izanik, udal gobernuaren ustez prozesuak beste behin agerian utzi ditu sektorearen diskriminazio estrukturalak. Gobernuak adierazi du lorpena “ikuspegi feministatik eta zaintzaren politika publikoen eraldaketatik” kokatu behar dela, eta zaintza ez dela bigarren mailakoa gogorarazi du arduradun politikoak: "Zaintza eskubidea da, eta herritarrei arreta duina bermatzea ezinbestekoa den bezala, zaintza ematen dutenen lan-baldintzek ere duintasun osoa merezi dute".

Bestalde, ordezkariak baieztatu du Udal Gobernuaren jarrera "erabakigarria" izan dela akordio honetara iristeko eta hitzarmen hau sinatzeko. "Gure lehentasuna izan da hobekuntza horiek guztiak bermatuko zituzten plegu berriak diseinatzea, orain artekoekin alderatuta, hobekuntza nabariak gehituta".

Gaur egun zerbitzua enpresa pribatu baten bidez eskaintzen bada ere, udalak jakinarazi du jada eskatu duela publifikazio ereduen inguruko azterketa. Epe ertainera, Pasaiako Udalak publifikazioaren bideragarritasuna modu zehatzean aztertuko du, eta emaitzak herritarrekin partekatuko direla adierazi du.

Akordioaren ondoren, udalak konpromiso zabala iragarri du zerbitzua hobetzen jarraitzeko:

  • Zerbitzuaren Jarraipen Batzordea martxan jartzea, gardentasuna eta kalitatea bermatzeko.
  • Euskararen erabileran eta zaintza eredu berrian formakuntza espezializatua indartzea.
  • Erabiltzaileentzako ordu kopurua handitzea, zaintza duin eta eraginkorragoa bermatzeko.
  • Lanaldi egonkorragoak eta erreferente bakarraren eredua sustatzea, kalitatezko zaintza-harremanak eraikitzeko.
  • Zerbitzuaren publifikazio ereduen bideragarritasun teknikoa aztertzea, etorkizuneko zaintza-eredu publiko eta egonkor baterako oinarriak eraikitzeko.
  • Eta, orokorrean, zaintzan inbertsio publiko handiagoa egitea, dagoeneko 2026ko aurrekontuetan jasota dagoen bezala

"Gaurko akordioa langileek irabazi dute, baina herriak ere irabazi du: zainduak direnek, zaintzaileek, eta Pasaiako komunitateak oro har. Zaintza duinak bermatuko dituen herria nahi dugulako. Eta, bide horretan, Udal Gobernu hau aliatu izaten jarraituko duzue", amaitu du Tabernak.