Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/02/06

Ricardo Ugarte txalotu eta omendu dute San Pedron 

Eskua saria eman diote eskultore Pasaitarrari Erti aretoan

Eskuahaldunak Eskultoreen Elkarteak Eskua Saria eman dio Ricardo Ugarte San Pedroko eskultoreari, arlo horretan egindako ekarpenagatik. Erti aretoa txiki geratu da eskultoreak jaso duen omenaldian. Lagunak, senideak eta ordezkari politikoak bertan izan dira.

Ricardo Ugarte 1942ko abuztuaren 6an jaio zen San Pedron, Passaman alarguna kalearen lehen zenbakian. Erti Udal Aretoa berak inauguratu zuen, duela 32 urte egindako erakusketa batekin. Beti harro bere jatorriaz, beti agertu izan baitu Pasaiako erroak dituela. Itsasoarekiko eta portu-egitura handiekiko lotura ezaugarri nabarmenak izan ditu urteetan egindako lan artistiko bikainean: “norays”, “aingura”, “txopako gazteluak”... eta haize-oihalak ere bai, Lonjako plazan dagoen Blas Lezokoari eskainitakoa. 

Bere lan gehienak burdinazkoek eta altzairuzkoak dira, eta lan horietan barneko eta kanpoko espazioen arteko loturak ezarri nahi izan ditu artistak. Bere lanak Tenerife, Nueva York, París, Budapest edota Japonen aurkeztu dira.

Ekitaldia Gema Cesek zabaldu du, San Pedroko bizilaguna eta Ricardoren adiskidea, eta  Inaki Alberroren biolontxelo doinuekin gozatu dute bertaratu direnek.

Ondoren,  Teo Alberro Pasaiako alkateak hartu du hitza: “gaur hemen elkartzen gaituena ez da soilik sari bat, baizik eta aitortza bat: bizitza oso baten ibilbidea, arteari eskainitako konpromiso sakona, eta batez ere, sustraiekiko leialtasuna”.

“Ricardo, zure lanak gure herriaren izena zabaldu du mundura, modu isil, sendo eta sakonean. Horregatik, eskerrik asko. Eskerrik asko arteari emandako bizitza osoagatik, eta eskerrik asko sustraiei leial izateagatik” amaitu du alkateak.

Hitz hunkigarriak jaso ditu Ricardok ordezkari politikoen eta gertukoen ahoetatik.

Izan ere, ekitaldian parte hartu dute Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak. Pasaiako Udaleko zenbait zinegotzi ere bertan izan dira: Laura Ré Kultura eta Hezkuntzako zinegotzia eta Miguel Mari Torrea.

Jarraian, Fernando Golvano arte kritikariak hartu du hitza eta Ricardoren lana eta ibilbide profesionala goraipatu ditu. Era berean, Ricardoren emaztea den Julia Otxoak bere omenaldi berezia eskaini nahi izan dio (poesian aditua da bera). Felipe Zelaietaren bertsoak ere entzun dira.

Amaitzeko, Guillermo Olmo Eskuhaldunak Eskultoreen Elkarteko presidenteak Eskua Saria eman dio Ricardori, txalo-zaparrada artean.

Zorionak eta eskerrik asko, Ricardo!

Ricardo Ugarteri omenaldia