Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/03/05
Udalak salatu du portuak blokeatu egin duela aparkalekuen erregulazioa
Udalak bere eskumenak defendatuko ditu, erabilera irekiko portu-eremuetan bertako herritarrei aparkatzeko lehentasuna ematea eragozten duen erabaki baten aurrean
Pasaiako Udal Gobernutik gure gaitzespenik sendoena egin nahi dugu Pasaiako Portu Agintaritza (PPA) Aparkalekuen Ordenantzari ezartzen ari zaion blokeoaren aurrean.
Ordenantzaren berri izan zuenetik, PPAk ekintza judizialak hasi zituen epaitegietan hura aurkaratzen saiatzeko. Lehenengo auto batean, Auzitegiak ia osorik ezetsi zituen bere eskaerak. Ez zen baietsi portu-jabariaren barruan ordenantzaren antolamendua eteteko PPAren eskaera, eta soilik atal txiki bat baliogabetzea erabaki zuen, portuko langileek portu-eremuan aparkatzeko baimenei buruzkoa. Erabaki horrek ez zien ezertan eragiten Pasaiako herritarrei.
Hala ere, duela gutxi auto bat jaso dugu (Portu Agintaritzaren beste eskaera bati erantzuten diona), portu-eremutzat jotako eremuetan aparkalekuak arautzeko jarduketak bertan behera uzteko agintzen duena. Portu-eremu horiek Donibane, San Pedro eta Trintxerpeko eremu zabalak hartzen dituzte. Eremu horiek udalerriko egunerokotasunaren parte dira, eta horietako asko udalari lagatakoak dira eta udalak berak kudeatzen ditu.
Izan ere, Udalak 35 urte baino gehiago daramatza trafikoa eta aparkatzea arautzen herritarren erabilerarako irekitako eremu horietan. Gainera, espazio horietako batzuetan, hala nola Cirizako aparkalekuan, ordenantza onartu aurretik ere aparkatzeko lehentasuna ematen zitzaien bertakoei, Portu Agintaritzarekin indarrean zeuden hitzarmenen esparruan. Hitzarmen horietan udalari aitortzen zaizkio mantentze-, zaintza- eta ondare-erantzukizuneko eginkizunak.
Ebazpen berri horren arabera, praktikan, udalak ezin izango lituzke bertakoak lehenetsi udalerriko aparkaleku nagusietako batzuetan; eta horrek eragin zuzena izango luke diseinatutako erregulazio-ereduaren eraginkortasunean eta koherentzian. Hala ere, Gobernuak uste du alderdi "nahasgarriak eta okerrak" daudela autoan, eta, beraz, hori argitzeko eskatu dio Auzitegiari.
Auzitegiak auto hori argitzen duen bitartean, ordenantza onartu aurretik eremu horietan trafikoa arautzeko egiten ziren gainerako jarduketak – hala nola trafikoa zuzentzea eta instalatutako seinale horizontal eta bertikalak– mantendu egingo dira; izan ere, PPAk berak eskatzen ditu oraindik jarduketa horiek; gainera, Portuak ez du eremu horietako aparkalekuen inolako erregulaziorik, eta portuko poliziak ere ez du horietan jarduten.
Pasaiako alkate Teo Alberrok adierazi duenez, "Gobernu honek lehenengo egunetik egin du portuarekiko lankidetza instituzionalaren aldeko apustua. Arauaren lehen proposamena helarazi zitzaien, alegazioak aurkeztu zituzten, eta horietako batzuk txertatu ere egin ziren. Erakunde arteko harremana hasieratik egon da presente, baina etengabeko trabak aurkitzen ari gara gure herriaren bidezko eskaera baten aurrean, portuaren jardunean inolako eraginik ez duten alderdi batzuetan".
Auto berriaren aurrean, alkateak honako hau adierazi du: "Ez da posible portuak Pasaia barruko uharte baten moduan funtzionatzen jarraitzea, udalerriko eguneroko bizitzaren parte diren espazioak okupatuz eta itxiz, eta, gainera, aparkalekua bezalako oinarrizko premia bati erantzutea eragotziz. 16.000 pertsonaren egunerokotasunaz ari gara".
Pasaiako Udalak iragarri du bere eskumenak eta udalerriaren interes orokorra defendatzen jarraituko duela, dagozkion lege- eta erakunde-bideak erabiliz. "Gure borondatea da erakundeen arteko elkarbizitza eta lankidetza bultzatzea, bakoitzaren eskumenak errespetatuz. Udalari dagokio udalerriko eguneroko bizitza eta hiri-espazioa antolatzea, eta udala herritarrek hautatzen dute demokratikoki, beren interesak defendatzeko. Era berean, portuko jarduera PPAri dagokio. Erakunde bakoitzaren eskumenak errespetatzea exijitzen dugu, bizikidetza orekatua eta udalerri bizigarriagoa bermatzeko", amaitu du Alberrok.







