Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/02/18
Zaporeak eta Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundeek beren lan solidarioa hurbilduko diete Pasaiako herritarrei Itsas Festibalean
Zaporeak elkarteak festibaleko tripulazioentzako jantoki solidarioa kudeatuko du berriro, eta Itsas Salbamendu Humanitarioak Aita Mari irekiko du maiatzaren 14tik 17ra

Maiatzaren 14tik 17ra, Pasaia Itsas Festibalaren laugarren edizioa egingo da, eta berriz ere bertan parte hartuko dute itsasoari lotutako elkartasunean erreferente diren bi erakunde: Zaporeak eta Itsas Salbamendu Humanitarioa (ISH). Herritarrek hurbiletik ezagutu ahal izango dute bi erakundeek egiten duten lana, ekitaldiaren protagonista diren itsasontzi historikoen dotoreziatik harago, haiek egiten duten lana ezagutzea funtsezkoa delako egungo itsas errealitatea ulertzeko.
Gaur egindako agerraldian bi erakundeek baieztatu dute jaialdian parte hartuko dutela. Agerraldian honako hauek izan dira: Teo Alberro, Pasaiako alkatea eta jaialdiko presidentea; Xabier Agote, Albaolako presidentea eta jaialdiaren zuzendaria; Helena Ruiz de Azua, Zaporeak erakundeko komunikazio-arduraduna, eta Amaia Iguaran, Itsas Salbamendu Humanitarioko presidenteordea.
Teo Alberrok honako hau adierazi du topaketan: "Festibalarentzat ohore bat da beste urte batez Zaporeak eta ISH bezalako eragileak izatea, oso lan garrantzitsua egiten dutelako. Horien presentziak ezinbesteko dimentsio humanoa eta solidarioa ematen du, eta itsasoa, kulturarekin, historiarekin eta ondarearekin ez ezik, duintasunaren, justizia sozialaren eta giza eskubideen defentsaren balioekin ere lotzen du. Elkarte horiek Pasaia Itsas Festibalean parte hartzea, gainera, herritarrei beren lana hurbiltzeko modu bat da. Izan ere, itsas unibertsoa bere zabaltasun osoan hartzen duen jaialdi batean, ezin da alde batera utzi ozeanoetan egunero babesik gabe geratzen diren beste asko salbatzen aritzen direnen errealitatea"
Xabier Agotek, berriz, honako hau azpimarratu du: "Pasaia Itsas Festibala itsas unibertsoa bere osotasunean ikusarazteko topaketa bat da. Itsasoen eta ozeanoen ondarean eta garrantzian jartzen dugu arreta, zibilizazioen arteko zubi gisa, baina baita erakunde horien misioaren garrantzian ere, elkartasun humanitarioaren nazioarteko erreferente bihurtu baitira. Guretzat harrotasun handia da Zaporeak eta Aita Mari ISH jaialdiko taldearen parte izatea".
Zaporeak erakundearen jantoki solidarioa
Aurtengo edizioan, Zaporeak elkartea festibaleko jantoki solidarioaz arduratuko da berriro, eta bertan bazkariak eta afariak eskainiko dizkie maiatzaren 14tik 17ra Pasaian lehorreratuko diren tripulazioei eta antolakuntza-taldeari. Ekimen hau marinelen eta jatorri desberdinetako parte-hartzaileen arteko topagune eta elkargune bat da, eta helburu bikoitza du. Alde batetik, Zaporeak elkarteak egindako kalitatezko proposamen gastronomikoa bermatzea. Bestetik, funtsak biltzea, Greziako Lesbos uharteko errefuxiatuen esparruetan lan humanitarioarekin jarraitzeko.
Jantoki solidarioa finantzatzeko, otorduen tiketak saltzen dira, eta hainbat enpresek elikagaiak ematen dituzte; Zaporeak elkarteak bere eginkizuna betetzen jarraitu ahal izan dezan. Ildo horretan, festibalaren antolaketak eta GKEak dei egin diete marea solidario horrekin bat egin nahi duten enpresa eta erakundeei. Interesdunak posta elektroniko honen bidez jar daitezke harremanetan: komu@pasaiaitsasfestibala.org.
Ildo horretan, Zaporeak erakundetik Helena Ruiz de Azuak honako hau azpimarratu du: "Aurten ere, gure jantoki solidarioarekin parte hartuko dugu festibal honetan, Pasaiako Itsas Festibaleko publikoari gure lan humanitarioa erakusteko, hau da: errefuxiatukolektiboei jaten ematea, hori baita itsas unibertsoan gertatzen den errealitatearen beste alderdi bat. Eta, aldi berean, dirua bildu nahi dugu Lesbosen gaur egun dugun misioarekin jarraitzeko. Bertan artatzen ditugun pertsonei janari errazio duina ematen diegu, eta alaitasuna, maitasuna eta elkartasuna helarazten dizkiegu prestatutako errazio bakoitzean".
Aita Mari, jendearentzat irekia
Itsas Salbamendu Humanitarioko GKEak ere parte hartuko du festibalean Aita Mari atunontziarekin. Ontzia sorospen-ontzi bihurtuta dago, eta festibalean bisitatu ahal izango da. Erakunde horretatik, Amaia Iguaranek honako hau adierazi du: «Pasaiako Itsas Festibalaren edizio berri honetan presente egotea aukera bat da gure erakundeak itsasoan duen zeregina herritarrei erakusteko eta herritarrak sentsibilizatzeko; izan ere, pertsona kalteberenen giza eskubideak defendatzen ditugu, pertsona horiek beren herrialdeetatik arrazoi desberdinengatik ihes egin behar baitute. Era berean, Mediterraneoaren ibilbideko krisi humanitarioa ikusarazten jarraitu nahi dugu, aktibo jarraitzen baitu, nahiz eta komunikabideetan egunero albiste ez izan ".
Aurkezpena egin eta familia-argazkia atera ondoren, mahai-inguru bat egin da San Pedroko Lonjan. Bertan, Zaporeak eta ISH erakundeetako ordezkariak solasean aritu dira María de Frutos Pasaiako Udaleko Migrazio eta Aniztasun teknikariarekin batera, bi erakundeen egungo egoerari, haien lanari eta aurre egin beharreko erronkei buruz.







