Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/06/11
Ekaitzetik ospakizunera: Pasaia Itsas Festibalak 90.000 bisitari bildu ditu itsas ondarearen baitan
Boluntarioen, eskifaien, udal-zerbitzuen eta elkarteen lana aitortu du Pasaiako alkateak

Pasaia Itsas Festibaleko antolakuntzak positiboki baloratu du igaro berri den laugarren edizio hau. Festibalak eskainitako kalitateari dagokionez aurreikusitako itxaropenak bete ditu. Era berean, parte-hartzeari eta aniztasunari lotutako helburuak ere lortu ditu. Halaber, bisitariek, tripulazioek eta parte hartu duten eragile soziokulturalek adierazitako gogobetetze-maila oso positiboa izan da.
San Pedroko kaian bisitagarri egon den San Juan baleontzia eta Kanada aurtengo ohorezko itsas kultura gonbidatua izatea izan dira antolakuntzak gehien nabarmendu dituen elementuak. Biek duten balio sinboliko eta historikoagatik, eta baleontziak Pasaia eta Ternuaren artean irudikatzen duen lotura estuagatik.
Xabier Agotek, festibalaren zuzendariak, Kanadako ordezkaritza osoaren inplikazioa eskertu du, baita Parks Canadaren eta parte hartu duten gainerako kultura- eta itsas erakundeen lankidetza ere: "Aurtengo Pasaia Itsas Festibala itsas ondarearen ordezkaritza bikaina bildu eta urtero festibalaren balioak bere egiten dituzten milaka lagunekin ospatu izanaren pozez amaitu dugu. Beste behin ere, Pasaiak harrotasunez ospatu ditu bere iraganaren aberastasuna eta orainaren indarra".
Teo Alberro Pasaiako alkate eta Pasaia Itsas Festibaleko presidenteak festibalean parte hartu duten pertsona eta erakunde guztiek erakutsi duten erantzuteko gaitasuna azpimarratu nahi izan du: "Aurtengo edizioa oso egoera zailean hasi dugu, eta, hala ere, komunitatearen erantzuna apartekoa izan da. Bereziki eskertu nahi dut boluntarioek, eskifaiek, udal-zerbitzuek, elkarteek eta festibala normaltasunez egin ahal izateko egindako lana. Beste behin ere erakutsi dute Pasaian antolatzeko eta konpromisoa hartzeko gaitasun handia dagoela".
Bestalde, Kanadako ordezkaritzak bere balorazioa partekatu nahi izan du, bai Pasaian bizitako lau egun trinkoei buruz, bai azken hilebeteetan egindako lankidetza-lanari buruz. Lankidetza horren emaitza izan da, besteak beste, euskal ordezkaritza batek Kanada bisitatu izana. Philip Earle Labradorreko diputatuaren hitzetan: "Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkaritzak Kanadara egin berri duen bisitak gure herrien arteko harreman iraunkorra berretsi du, Ipar Atlantikoaren historia partekatuaren bidez bost mende baino gehiagoko ibilbidea duten lotura historikoak indartuz. Bisitaldiak kultura-, turismo- eta enpresa-loturak indartzeko aukera paregabea eskaini du, Labrador, Kanada eta Euskal Herriaren arteko lankidetza-bide berriak sortuz. Lotura historiko horiek berrituz eta etorkizuneko lankidetza-aukerak aztertuz, ordezkaritzak hurrengo urteetarako turismoaren, garapen ekonomikoaren eta elkarrekiko oparotasuna ren hazkundea sustatzeko oinarriak ezartzen lagundu du".
Horretaz gain, antolakuntzak festibalean inplikatutako komunitate osoak erakutsitako erantzuteko gaitasuna ere nabarmendu nahi izan du. Edizio honen hasiera baldintza meteorologiko oso txarrek baldintzatu zuten, eta programazioaren hainbat alderditan eragina izan zuten. Hala ere, lan-taldearen, boluntarioen, eskifeien eta eragile laguntzaileen ahalegin bateratuari esker, festibalak aurreikusitako jarduerei berriro heldu eta arrakastaz gauzatzea lortu zuen. Horrela, aurtengo edizioa erresilientziaren eta egokitzeko gaitasunaren adibide garbi bihurtu da.
Bisitari aniztasuna eta sarrera guztiak agortuta
Lehen balorazio honen arabera, antolakuntzaren ardura duten erakundeek oso balantze positiboa egin dute edizio honen inguruan, bai parte-hartze eta bisitari kopuruei dagokienez, bai bertaratu den publikoaren aniztasun handiari dagokionez, adierazleek erakusten duten bezala. Aurreko edizioetan bezala, laster emango dira ezagutzera Oarsoaldea Garapen Agentzia egiten ari den inpaktu ekonomikoaren azterketaren datu guztiak.
Itsasontziak eta tripulazioak
2026ko edizio honetarako 140 ontzi inskribatu ziren, eta horietatik 100 iritsi ziren azkenean Pasaiara. Horrek % 28,6ko beherakada adierazten du hasierako aurreikuspenen aldean, batez ere festibaleko aurreko egunetan iragarritako eguraldi eta nabigazio baldintza txarrengatik. Hala eta guztiz ere, topaketak 600 tripulatzaile inguru bildu zituen, nazioarteko deialdia egiteko gaitasuna sendotuz.
Boluntariotza
Edizio honetan parte hartu duten 110 boluntarioek antolaketa-lanetan, tripulazioen arretan, logistikan, jardueren koordinazioan eta uretako ekintzetan lagundu dute.
Gehienak gipuzkoarrak badira ere, Euskadiko, penintsulako eta atzerriko beste leku batzuetatik etorritako pertsonak ere biltzen ditu boluntario taldeak. Jatorri ezberdin horiek erakusten dute festibalak deialdia egiteko duen gaitasuna eta, itsasoari, nabigazio tradizionalari eta itsas ondareari lotutako pertsonen artean pizten duen interesa.
Bisitariak haize eta marearen aurka
Laugarren edizio honetan publikoaren erantzuna oso ona izan da. Aurreko egunetan eta festibalaren hasieran eguraldi-iragarpenak txarrak izan arren, 90.000 pertsona inguruk bisitatu zuten Pasaia Itsas Festibala 2026ko maiatzaren 14tik 17ra.
Baldintza meteorologikoak faktore erabakigarriak dira ia osorik aire zabalean egiten den eta nabigazioarekin eta uretako jarduerekin estuki lotuta dagoen ekitaldi baterako. Testuinguru horretan, erregistratutako bisitari kopuruak balio berezia hartzen du, eta agerian uzten du publikoak festibalarekiko duen interesa eta konpromisoa.
Antolakuntzak bereziki azpimarratu nahi du asteburuan jasotako erantzun bikaina. Izan ere, eguraldiak hobera egin zuenean, milaka pertsonek badian zehar ibiltzeko eta festibaleko guneetan programatutako jarduerez gozatzeko aukera izan zuten.
Inkestak kalean eta online
Oarsoaldeak bisitarien artean egindako inkesten lehen emaitzek, bai festibalean zehar aurrez aurre, bai ondoren prestatutako online kanalen bidez, oso balorazio positiboa egiten dute festibalari buruz eta publiko berria erakartzeko duen gaitasunari buruz. Pertsona bakoitzeko eguneko batez besteko gastua 26,23 eurokoa izan zen, aurreko edizioan baino 2,12 euro gehiago. Gainera, bisitarien % 41 lehen aldiz etorri zen festibalera, eta % 45ek jardunaldi batean baino gehiagotan parte hartu du, batez beste 1,85 eguneko egonaldiarekin. Nahiz eta bisitarien % 60 baino gehiago Gipuzkoatik etorri, beste lurralde eta herrialde batzuetatik etorritako bisitariak ere izan ziren, hala nola Frantziatik, Irlandatik edo Estatu Batuetatik etorritakoak. Halaber, garraio publikoaren erabilera nabarmentzen da, bertaratutakoen % 53k aukeratzen baitu, eta % 20k, berriz, ibilgailu pribatua. Balorazioari dagokionez, % 97k Pasaia Itsas Festibala gomendatuko luke, % 84k hurrengo edizioan berriz itzultzea aurreikusten du eta
% 91k urteko beste sasoi batean Pasaia berriro bisitatuko lukeela dio.
Festibala hainbat proiektu eta erakunde sozialen sentsibilizazio- eta zabalkunde-lanerako plataforma ere izan da, besteak beste, Zaporeak, Itsas Salbamendu Humanitarioa-Aita Mari (SMH), AZTI, Asgicer Gipuzkoa eta Goyeneche-Garagune Pasaia Fundazioa. Era berean, inguruko hezkuntza eta gizarte zentroek aktiboki parte hartu dute programazioan, besteak beste, Pasaiako Adinekoen Udal Egoitzak, Pasaia-Lezo Lizeoak, La Anunciata Ikastetxeak, Lezoko Herri Eskolak, Karmengo Ama Herri Eskolak eta Herri Ametsa Ikastolak.
Laugarren edizioak, gainera, Pasaiako gizarte, kultura eta itsas sarearen inplikazio zabala izan du. Aktiboki parte hartu duten eragileen artean, hauek nabarmentzen dira: Pasaiako Portu Agintaritza, Itsas Kapitaintza, Pasaiako Praktikoak, Mater, CIFP Blas de Lezo, Illunbe Musika Elkartea, Pasaiako Batelerak, Pasaiako Sastakai Txaranga, Alkar-Txiki Euskal Dantza Taldea, Pasai Donibaneko Kantujira, Muxikoak, Ziaboga, Arando Txiki Abesbatza, Pasaiako Erraldoiak, Trintxerpeko Itsas Danborrada, Izkiro, Torreatze Elkartea, Koxtape, San Pedro eta Illunbe arraun klubak, Yola Kirol Elkartea, Buceo Donosti eta Pasaiako Lonja, festibalaren garapenean lagundu duten gizatalde, artisau eta kolaboratzaile askorekin batera.
Albaolak eta Pasaiako Udalak edizio honetan parte hartu duten pertsona, eragile eta elkarte guztien ekarpena aitortu nahi dute, baita erakunde babesle eta laguntzaile nagusien laguntza ere: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Pasaia Port, Algeposa, Air Canada, Laboral
Kutxa, Basqueland, HAZI eta Donostia Turismo. Era berean, Zaporeak elkarteko jantoki solidarioa ahalbidetu zuten enpresen laguntza eskertu nahi dute: Super Amara, Kaiku, Angulas Aguinaga, Petritegi, Urkabe, Insalus, Bacalaos Alkorta, Pedro Luis, Baque, Lumagorri, Huevos Gorrotxategi eta Olano.
Eskerrik asko Pasaia Itsas Festibalaren laugarren edizio hau itsas kultura partekatuaren ospakizun berri bat egiten lagundu duten ontzi, tripulazio eta pertsona guztiei.







