Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/06/03
Musikaz Blairen edizio berezia bizi izan da Trintxerpen
Pasaiaren 220. urteurrena ospatu da, dozenaka ekitaldiez gain.

Maiatzaren 29tik ekainaren 1era Musikaz Blairen edizioa izan da Trintxerpen. Egun hauetan emanaldiak, kalejirak, lehiaketak eta kontzertuak egin dira.
Horien artean egin ziren Musika Eskolako taldeen erakustaldia, Musika Modernoaren eta Konboen jaialdia eta Illunbe bandaren kontzertua Serafin Esnaola plazan, besteak beste.
Maiatzaren 30ean Gipuzkoako Dantza Solteko Haurren Lehiaketaren 69. edizioa egin zen non 16 urtetik beherako zortzi bikotek hartu zuten parte. Interpretazioen balorazioa Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak izendatutako adituez osatutako epaimahai batek egin zuen eta txapela Nora Davila eta Julen Lertxundik eraman zuten.
Ekainaren 1ean Euskal Herriko Musika Eskoletako Txistularien Alarde tradizionala izan zen, eta bertan Pasaia, Hernani, Donostia, Astigarraga, Getxo, Bera eta Urretxuko txistulariek hartu zuten parte. Pasaiako Erraldoien konpartsa, Donibaneko batelerak, Ibaiertz eta Illumbe abesbatzak, Illumbe Euskal Dantza Taldea eta Pasaiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako perkusio eta metal sailak ere bertan izan ziren.
Herritar asko gerturatu ziren ekitaldi honetara eta barrutietako piezak jo zituzten: Bat bi hiru lau, Pasaiako Herritik, San Fermin, Batelarien Zortzikoa, Aupa Trintxerpe...
Ekainaren 1a zenez, Pasaiaren 220. urteurrena omendu zen ekitaldian, eta hainbat sorpresaz gain, "Maite zaitut" eta "Zorionak zuri" abestiak interpretatu zituzten.
Mari Jose Gaztelumendik zuzendu zituen musikariak, eta Teo Alberro alkateak lore sorta bat eman zion.
Datorren urtera arte Musikaz Blai!







