Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/11/21
Antxoko Molinao ibaian 108 kilo hondakin jaso dira auzolanean
Paper zatiak, kartoiak, zigarro puntak eta plastikoak jaso dira gehienbat

'Aldaketarako Marea' ekimenaren barruan, MATER Itsasontzi Museo Ekoaktiboak eta Pasaiako Udaleko Ingurumen Sailak Molinao erreka auzolanean garbitzeko ekintza antolatu zuten azaroaren 15ean.
15 herritarren auzolanari esker, eta Bio eta Zaborren laguntzarekin, 1.105 hondakin jaso ziren, 108,13 kg orotara. Gehienbat paper eta kartoi zatiak, zigarro puntak, plastikoak eta elikagai bilgarriak jaso ziren.
Dena den, arropa eta zapatilak, metalak eta beira zatiak ere jaso zituzten.
Jasotako % 42,7 plastikoak izan ziren, % 19,5 papera eta kartoiak, % 8,9 metalak eta % 2,1 aparatu elektrikoak.
Partaideek erreka ingurua eta irisgarritasun errazeko guneak garbitu zituzten, eta Behemendi elkarteak (errekaren garbiketa teknikoetan aditua den erakundea) hondakin astunenak eta zailtasun handieneko eremuak garbitzeaz arduratu zen. Bigarren saio bat egingo dute Behemendiko kideek garbiketarekin jarraitzeko.
Iraitz Pazos Ingurumeneko zinegotziak ere parte hartu zuen garbiketan “eskertzekoa da herritarrek auzolanean egin zuten lana. Familia giroan hondakinak jasotzen aritu ginen eta sailkapena eta karakterizazioa egin genituen gero. Halako ekimenekin jabetzen gara oraindik ere ibilbide handia egin behar dugula gure ingurune naturala zaintzeko eta herritarrei arduraz jokatzea eskatu nahi diegu, garbitutako eremu hau berriz zikindu ez dadin”.
Pasaiako Udalak Aldaketarako Marearen barruan eta zenbait eragileekin elkarlanean, ekimen gehiago antolatu ditu abenduaren 20a bitartean. Horien zerrenda udal webgunean kontsulta daiteke.








