Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/02/05

Mintzalagun egitasmoan izena emateko epea zabalik dago Pasaian

4 barrutietan eta ordutegi desberdinetan parte hartzeko aukera duzu

Mintzalagun egitasmoa mintzapraktika programa da. Hau da, euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez duten pertsonekin elkartzean datza, euskara praktikatzeko gune eroso eta atseginak eskainiz.
  
Mintzapraktika programetan parte hartzeko hainbat arrazoi egon daitezke: euskara praktikatu nahi izatea, euskara maila hobetu nahi izatea, harreman eta lagun talde berria bilatu nahi izatea, euskara ikasten ari direnei prozesuan lagundu nahi izatea, euskara plazara ateratzeko norberaren ekarpen txikia egin nahi izatea, ikasitako euskara erabili edo praktikatu nahi izatea, erdi ahaztuta duzun hizkuntza berreskuratu nahi izatea eta abar.

Pasaian hamarnaka kide ditu gaur egun Mintzalagun egitasmoak, eta kide gehiago bilatzea helburu du otsailean zehar aktibo izango den kurtso erdiko kanpaina honek.

Informazioa

  • Mintzalagun egitasmoa doakoa da.
  • Mintzapraktika taldetxoak kideen zaletasunak, gustuak, adinak, bizitokiak, barrutiak eta ordutegiak kontuan hartuz sortzen dira. Ongi datorkizun ordu eta tokian, beste batzuekin bildu eta gustuko dituzun gauzak egiteko aukera duzu.
  • Mintzapraktika taldetxo bakoitza hiru, lau edo bost lagunek osatzen dute eta gutxienez astean behin biltzen da. Astean behineko hitzorduaz gain, mintzapraktika programetako taldeak elkar ezagutzeko eta harremanen sarea zabaltzeko noizbehinka ekintza osagarrietan parte hartzeko aukera izaten da: ikastaroak, irteerak, bazkari eta afariak, ikuskizunak,...
  • Euskara ikasleak. Adin eta maila guztietako pertsonei irekia. Nahikoa da euskaraz komunikatzeko gai izatea.
  • Mintzalagun boluntarioa izateko, berriz, nahikoa da euskaraz erraz egitea.
  • Mintzapraktika egitasmoak ikasturteko iraupena izaten du. Izen-ematea urrian eta otsailean zabaltzen da. Programa ekainean eteten da, hurrengo ikasturtera arte.

Pasaiako Udalak herritarrak animatu nahi ditu Mintzalagun egitasmoan parte hartzera, euskaraz hitz egiteko aukera berriak sortzeko eta komunitatea sendotzeko asmoz.

Proiektu honetan izena emateko eta informazio gehiago jasotzeko interesa duten herritarrek pasaia_mintza@aek.eus helbidera edo 688647159 telefonora idatz dezakete.


Duela bi aste Pasaiako mintzalagunek Zestoara egindako irteerako argazkiak