Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/08/26
Langa txiki-Langa handiko magala egonkortzeko azterketa geoteknikoa abian da
Orain arteko behin-behineko lanek eragindako familien itzulera ahalbidetu dute, eta orain irtenbide integrala diseinatzeari ekingo zaio
Pasaiako Udalak astelehenean, abuztuak 31, San Pedroko Frontoiko Zumardiko mendi magalaren azterketa geotekniko integrala hasiko du. Joan den maiatzean luizi bat izan zen bertan, eta, ondorioz, Morales Oliver kaleko 8. eta 9. zenbakietako (Langa txiki eta Langa handi) hainbat familiek euren etxebizitzak aldi baterako utzi behar izan zituzten.
Luizia gertatu zenetik, Udala lanean aritu da ingurua egonkortzeko eta kaltetutako pertsonen etxeratzea nahiz segurtasuna bermatzeko. Lehen fasean behin-behineko jarduketak egin dira, lehentasuna izanik familiak ahalik eta lasterren itzuli ahal izatea euren etxebizitzetara, betiere segurtasun-baldintza egokiak bermatuz. Jarduketa horiei esker, etxeratze dekretua sinatu zuen alkateak abuztu erdialdean.
Orain, behin-behineko jarduketen fasea amaituta eta familien etxeratzeak baimenduta, Udalak behin betiko lanak definitzeko beharrezkoa den azterketa geoteknikoari ekingo dio. Ikerketa hori beharrezko aurretiazko urratsa da lurraren behin betiko egonkortze-lanak definitu ahal izateko.
Azterketa geoteknikoa
Azterketa egiteko, zundaketa-makina duen garabi bat sartuko da eremura. Makineria horrek magalaren azterketa geotekniko integrala egingo du, lurzoruaren eta magalaren egoera zehatz-mehatz ezagutzeko eta egonkortzeko beharrezko neurriak definitzeko.
Gehienez astebeteko epea izango da neurketa horiek egiteko. Lortutako datuen arabera, besteak beste, magala egonkortzeko zer neurri hartu behar diren zehaztuko da: esaterako, buloiak nolakoak izan behar diren eta zer ahalmen izan behar duten, tentsiometroen erabilera eta bestelako neurri teknikoak.
Azterketa amaitutakoan, lan horiek egingo dituen enpresak irtenbide integralaren proiektua aurkeztuko dio Udalari. Proiektu horretan jasoko dira magala behin betiko egonkortzeko beharrezko jarduketak eta neurri teknikoak, eta, ondoren, lan horiei ekingo zaie.
Udalak azterketa geoteknikoaren emaitzak eta horren ondorioz definituko den behin betiko konponbidea ezagutzen dituenean emango du informazio zehatza, baita egin beharreko lanen inguruko xehetasunak ere.
Afekzioak zenbait aparkalekutan
Azterketa geoteknikoa egiteko, garabi handi bat sartu beharko da eremura. Jarduketak egingo diren tokirako sarbideak zailtasunak ditu, bidea estua delako eta makineriak maniobrak egiteko leku nahikoa behar duen hainbat puntu daudelako.
Hori dela eta, Udaltzaingoak jakinarazi du abuztuaren 31n, astelehena, aparkaleku jakin batzuk libre gelditu beharko direla, makineriaren sarbidea bermatzeko eta zundaketa-lanak beharrezko segurtasun-baldintzetan egin ahal izateko.
Neurri horrek 10-20 aparkaleku ingururi eragingo die kale hauetan: Marinelen kalea, Espinosa de los Monteros eta Daniel de Castelao, eta Zamateteko aldapa. Kurbetan, maniobra-eremuetan edo kalez aldatzeko puntuetan kokatutako espazioak dira, batez ere, eta libre geratu behar dute, makinak errazago igaro daitezen.
Udaltzaingoak eragindako aparkalekuak balizatuko ditu, eta abuztuaren 31ko (astelehena) goizerako ibilgailurik gabe geratu beharko dute.







