Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/03/06

“Pasaia KM0” antzerki jaialdiaren 4.edizioa bertan dugu!

Martxoaren 12tik 15era, Antxon eta Donibanen

Arte eszeniko herrikoiaren jardunaldiak Pasaiara iritsiko dira aurten berriro. Izan ere, Udalak “Pasaia KM0” jaialdiaren egitaraua iragarri du, martxoaren 12tik 15era izango dena.

Iñigo Ortega KM0ko zikloaren koordinatzaile eta Pasaia Badia antzerki eskolako arduradunaren hitzetan “aurten berrikuntza batzuekin dator jaialdia eta inoiz baino komikoago, lan guztiak komediak baitira. Berrikuntzen artean, jaialdiaren luzapena da bat, jaialdia 3 egunetik 4ra pasa delako.”

"Gobernutik antzerki amateurraren aldeko apustua egiten jarraituko dugu. Jaialdia erreferente bat bilakatzen ari da eta, iraupena luzatzeaz gain, plaza berri bat gehitu diogu. Aurreko edizioetan emanaldi guztiak Donibanen izan ziren eta aurten horietako bat Antxon antolatzea erabaki dugu, zehazki, KM0ri ongi etorria Antxoko Kultur Etxean emango diogu” aipatu du Laura Ré Kulturako eta Ondareko zinegotziak.

Berrikuntza gehiago

Bigarren berrikuntza bezala, aurten "genero familiarra" eskainiko da eta antzerki-zirku lan bat ikusi ahalko da martxoaren 14an Donibanen.

Antzerki Uztaren IV. edizioa, Pasaian

Oarsoaldeko antzerki eskolek elkar ezagutzeko asmoarekin Antzerki Uzta ekimenaren IV. Urtea izango da aurtengoa. Lezon, Oiartzunen eta Oreretan egin eta gero, Pasaiari tokatzen zaio.

Pasaia 0KM jaialdiaren barruan txertatzeko aukera ezin hobea dela ikusi da. Beraz, martxoaren 14an, 4 herrietako 10-11 urteko antzerki eskoletako ikasleak Donibanen elkartuko dira, elkar ezagutzeko. Bertan, dinamikak egingo dituzte eta zirku-antzerki tailer bat jasoko dute Zirika Zirkus konpainiako lagunek bideratuta. Eguna elkarrekin pasa ondoren, arratsaldean, zirku emanaldi bat ikusteko aukera izango dute, bai antzerki ikasleek bai nahi duten guztiek.

“Pasaia 0KM egiten dugun 4. urte honetan antolatzaileok pozik eta arro esan dezakegu urtero antzokiak bete izan ditugula, eta bertan egiten den sorkuntzarekin gozatzeko izugarrizko aukera dela. Pasaitarrak eta inguruko herriko jende asko data honen zain daudela badakigu” amaitu du Ortegak.

EGITARAUA

Martxoak 12, osteguna:

19:00 Fumas eta Fikziohesioa (jaialdiari hasiera emateko, bi komedia motz jarraian).

Antxoko Kultur Etxean.

Martxoak 13, ostirala:

19:00 Nueve teatro taldearen Un enredo casi familiar .

Donibaneko Juanba Berasategi auditorioan.

Martxoak 14, larunbata:

18:00 Zirika Zirkusen Marietak Zirkus ikuskizuna.

Donibaneko Juanba Berasategi auditorioan.

Martxoak 15, igandea:

19:00 Trebera taldearen No hay ladron que por bien no venga.

Donibaneko Juanba Berasategi auditorioan.

Antzezlan guztiak doakoak dira baina aldez aurretik sarrera erreserbatu behar da aforoa kontrolatzeko. Sarrerak Bibe.me plataforman erreserbatu daitezke.

Informazio osagarria:

Fumas

Erroma eta Ayama gangsterrak dira, eta Bilboko itsasadarraren ertzeko kaian euren biktimak desagerrarazten ari direla ezagutu dute elkar. Helburu ezberdinek bultzatuta, bat egin beharko dute, elkarrekin bizi, partekatu, eraiki, nahastu, neurria hartu eta amaiera eman.

Fikziohesioa

Talde batean kohesioa lortzea batzuetan ez da erraza izaten, baina beharrezkoa da. Ideiarik gabeko sei aktore hauei egur xafla batek kohesiorako bidea irekiko die. Egur puska horri esker, trizikloa eta aizkora aurkituko dituzte, saskibaloi partida itzela jokatuko dute eta mikrofono pare batekin casting batean parte hartzeko aukera izango dute.

Un enredo casi familiar

Hirurogeiko hamarkadako Ingalaterran, bikote batek dena argi duela dirudi: maitasuna, etorkizunerako planak eta harremana formalizatzeko nahia. Hala ere, senide baten bisitak gaizki-ulertuen kate dibertigarria eragingo du...

Marietak Zirkus

Antzerki-zirku lan bat da, zirkuko familia baten istorioa kontatzen duena. Bi ilobak, maitasun handiz, izeba Mari Pantxi zaintzen dute, eta gehiegi babesten dute. Umorearen, maitasunaren eta ahizpatasunare bidez, maitasunaren eta elkartasunaren mugak aztertzen ditu lanak, gehiegizko babesak ondorioak izan ditzakeela erakutsiz.

No hay ladrón que por bien no venga

Antzezlanak umorea eta gaizki-ulertuak erabiltzen ditu gizartearen hipokrisia kritikatzeko, lapurreta batek ezkontza-sekretuak nola azaleratzen dituen erakutsiz.