Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/02/14
Gipuzkoako kirol teknikarien jardunaldia Pasaian
Juanba Berasategi aretoan izan da otsailaren 14an eta hainbat aztergai izan dituzte
Gipuzkoako kirol teknikarien urteko jardunaldia Pasaian egin da aurten, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan zehazki.
09:30etik 14:00ak bitarte, 40 teknikari inguru elkartu dira eta zenbait aztergai izan dituzte ardatz, Julen Rodríguez kirol zinegotziak ongi etorria egin ondoren.
Alde batetik, Kirol Orientazio Zerbitzuaren (KOZ) eta Multikirol programaren egungo egoeraren analisia egin dute.
“Ildo horretan, eta gaur Pasaia dugunez topagune, nabarmendu nahi nuke gure herrian egiten ari garen apustu irmoa Kirol Orientazio Zerbitzuaren inguruan, Pasaia Badia Aktiboa egitasmoaren bidez. Izan ere, funtsezko zerbitzua da hori jarduera fisikoa herritar guztientzat eskuragarri jartzeko. Sinetsita baikaude kirola demokratizatzea eta bizilagun guztiei hurbiltzea dela gure betebeharra” adierazi du zinegotziak.
Gipuzkoako udal kirol instalazioen hitzarmenaz ere aritu dira goizean zehar. Ez hori bakarrik, Gipuzkoako udal kirol arduradunen sarea ere aztertu dute, horren helburua teknikarien arteko harremana eta ezagutza indartzea izanik.
“Jardunaldi honetan jorratzen diren gaiak funtsezko elementuak dira gure lurraldeko kirol politiketan aurrera egiteko eta guztion artean komunitate aktiboagoa eta osasungarriagoa eraikitzeko” adierazi du Rodríguezek.
Eskola Kirolaren eredua ere aztertu dute teknikariek eta Julen Rodríguezek argi utzi du honakoa: “eredu hori irmo defendatzen jarraituko dugu; izan ere, gure haurrei askotariko mugimendu-trebetasunak garatzeko aukera emateaz gain, aukera paregabea ematen die beren pasioa ezagutzeko, espezializazio goiztiarrera behartuta egon gabe”.
Zinegotziak hau gaineratu du: “kirola ez da soilik jarduera fisikoa; pertsonak batzen dituen, bizikidetza sustatzen duen eta gizarte osasuntsuagoak eta orekatuagoak eraikitzen laguntzen digun hizkuntza unibertsala da. Horregatik, uste dugu ezinbestekoa dela prestatzen jarraitzea eta bide berriak irekitzea, gero eta bidezkoagoak diren kirol-ereduetara hurbiltzeko, kirol-jardueraren bidez berdintasuna, inklusioa eta balioen ikaskuntza sustatzeko”.