Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/06/21
Pasaiako jaien hasiera ekitaldia ospatu da. Jaiak herrira iritsi dira!
Herriko eragileekin batera ospatu da kolorez eta musikaz jositako ekitaldia, San Pedroko herriko plazan
Iazko ekimenari jarraituz, Pasaiako Udalak jaien hasiera iragartzeko ekitaldia antolatu du ekainaren 21ean. Iaz aipatu zen bezala, urtero egin nahi den ekimen hau ibiltaria izango da, 2024an Donibanen egin bazen, aurten San Pedron izan da.
Ekimena burutzeko, funtsezkoa izan da herriko eragileekin egin den elkarlana, eta Udalak eskerrak eman nahi dizkie euren lan eta inplikazioagatik.
Eguraldia lagun, ekitaldia kalejira batekin hasi da 11:50ean, Morales Oliver plazan. Udal ordezkariak (arrantzalez jantzita) eta herritarrak dultzaineroen doinuekin Pasaman Alargunaren kaletik herriko plazara abiatu dira erraldoiak, buruhandiak, batelerak eta txistulariak lagun.
12:00ak aldera, udal ordezkariak Alkateordetzako balkoian zeudela, bateleren zortzikoarekin gozatzeko aukera izan dute bertaratuek.
Ondoren, alkateak hartu du hitza eta ongi etorria eman ondoren, jaiak errespetuz bizitzeko gonbita luzatu du.
Ekitaldiak dantza, musika eta kolorea izan du: Lamiak dantza-taldea San Pedroko txistulariek lagunduta, eta Lintxua dantza-taldea Donibaneko txistulariek lagunduta.
Iaz bezala, alkateordeek euren barrutiko erraldoiari dagokion koloreko zapia jarri diote.
Jarraian, dantza izan da berriz protagonista: “Agurra” dantzatzeaz gain, erraldoiek jota bat eta pare bat vals dantzatu dituzte txikien gozamenerako.
Gerturatutako guztiek “Pasaiako herritik” abestu dute eta ekitaldiari amaiera emateko dozenaka koloretako globo biodegradagarriak bota dira alkateordetzako balkoitik eta famili argazkia polita egin da.
Jaiak iritsi dira herrira:
- Sanjoanak: ekainak 23-24
- Sanpedroak: ekainak 26 - 30.
- Sanferminak (Antxo): uztailak 4 - 8.
- Karmenak (Trintxerpe): uztailak 11 - 16.
- Santioak (Donibane): uztailak 24-31.
Egitarau zehatzak Udaleko agendan argitaratuko dira.








