Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/01/19

Jabetze Eskolaren neguko eta udaberriko programan izena eman

Ikastaroetan izena emateko epea urtarrilaren 30a arte

Irailean ireki zen Pasaiako Jabekuntza Eskolako udazkeneko matrikula, oso emaitza onekin: ia 250 emakumek eman zuten izena; horietatik 94k lehen aldiz. Orain, urtarrilean, ohi bezala, negu-udaberriko programa jarriko da martxan, eta izena emateko epea berriro zabaldu da.
 
Jarduera berrien artean, OSASUNTSU JAN ETA ZORIONTSU BIZI ikastaroa antolatuko da berriz ere Antxon, Tatiana Arzelus Makazagarekin. Gorputza zaintzeko eta immunitate sistema mantentzeko elikadura praktikak partekatuko dira, saio teorikoak eta praktikoak uztartuz. Pepa Bojó Ballesterren eskutik AUTOESTIMUA ETA AHALDUNTZEA HELDUAROAN tailerra izango da San Pedron. Bertan, ahalduntze prozesuan sentimenduak identifikatu, onartu eta kudeatzeko tresnak landuko ditugu.

Eider Zuriarrain Bergarari esker, herri askotako Emakumeen Etxeetan lan egin duena, Antxon BIODANTZA ikastaroa eskaini ahal izango da. Ibilbide luzeko beste irakasle batekin, Betania Mendoza Cornejorekin, GORPUTZ KARTOGRAFIA FEMINISTAK ikastaroa martxan jarriko da Trintxerpen: esperientziak, emozioak, indarkeriak, plazerak eta erresistentziak mapeatzen ikasiko dute ikuspegi feminista eta dekolonialetatik.

MUNDUKO EMAKUMEEN LITERATURA ikastaroa eskainiko da berriro, oraingoan Trintxerpen. Hainbat herrialde eta kulturatako emakume idazleen ahots, istorio eta begiradetatik ibilbide bat, ikuspegi feminista eta kritiko batetik. Horrez gain, La Bombonera Arte Eszenikoen Elkarteak eskainitako ikastaroaz gozatzeko aukera izango dute Antxon: EMAKUMEEN AHOTSA ETA INDARRA. Ikastaro honek ahotsa du ardatz, adierazpenerako, identitaterako eta ahalduntzerako tresna gisa.

Bestalde, Beatriz Egizabal Ollokiegirekin CLOWN TAILERRA ere antolatuko da. Jolasaren eta barrearen bidez norberaren boterea deskubritzeko espazioa, eta komedia askapen ekintza bihurtzekoa.

Azkenik, Kirol arloarekin batera, MENDI ORIENTAZIOA ETA MARTXA taldea sortuko da, jarduera pilotu gisa. Maddi Marquet Ferrán izango da taldearen dinamizatzailea, eta segurtasun irizpideez, bide marken erabileraz, orientazio printzipioez eta IKT tresnez ikasiko dute barruti guztietan antolatuko diren saio teoriko-praktikoetan. Gainera, hiru larunbatetan mendira irteera progresiboak antolatuko dira, beti ere Pasaiatik abiatuta, zailtasun maila desberdinekin.

EMAKUMEEN ARTEKO ONGIZATERAKO ETA ZAINTZARAKO GUNEAren bidez Emausek antolatuta, elkar laguntza eta emakumeen arteko lotura sustatzeko aukera izango dute.

Bestalde, urte osoko talde eta guneetan parte hartzeko izen-ematea berriro zabalduko da: Jatorri askotariko emakumeen taldea, Indarkeriarik gabeko espazioa: autolaguntza taldea, Ongi zaintzen eta maitatzen ikasteko taldea, Emakumeak korrikalari,  Jatorri askotariko emakume pasaitarren arteko elkarrizketak.

Izen-ematea doakoa eta nahitaezkoa da, eta adin txikikoen zaintza-zerbitzua eskainiko da (aldez aurretik eskatuta). Izena emateko epea urtarrilaren 30era arte egongo da zabalik.

INFORMAZIOA