Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/10/19
Pasaiako Jabetze Eskolaren neguko programak iazko izen-emateak gainditu ditu
252 emakumek eman dute izena, aurreko ikasturtean baino % 10,5 gehiagok

Pasaiako Jabetze Eskolaren neguko programazioak harrera ona izan du herritarren artean. Guztira, 252 emakumek eman dute izena 2026-2027 ikasturteko neguko eskaintzan; iaz, berriz, 228 izan ziren. Horrek esan nahi du parte-hartzea %10,5 inguru igo dela aurreko ikasturtearekin alderatuta.
Datu horiek Jabetze Eskolak Pasaiako emakumeen artean duen harrera eta interesa erakusten dute, eta, aldi berean, emakumeen autonomia, ahalduntzea eta sareak indartzeko espazioek duten garrantzia berresten dute.
Neguko programazioak askotariko proposamenak biltzen ditu, bai urte osoan zehar garatzen diren talde eta ikastaroen bidez, bai iraupen laburragoko tailerren bidez. Helburua, emakumeen gaitasunak eta autonomia indartzea ez ezik, norbanakoen zein taldearen eraldaketa sustatzea eta emakumeen arteko harremanak eta sareak sortzea ere bada.
Izen-emateen artean, bereziki harrera ona izan dute Indar fisikoa lantzeko saioek. Aurtengo berritasuna izanik, izen-emate kopuruak talde bakarraren eskaintza gainditu du, eta, horren ondorioz, bigarren talde bat sortuko da.
Aurreko urteetako eskaintzen artean, berriz, Brikolajea eta konponketak eta Zoru pelbikoa dira eskaera handiena izan dutenetako batzuk; bi kasuetan, bigarren taldeak sortzeko aukerak aztertzen ari da Udala.
Urte osoko proposamenen artean, Mindfulnessa eta Munduko emakumeen literatura bezalako ikastaroek ere parte-hartze handia izaten jarraitzen dute. Iraupen luzeko prozesuak direnez, emakumeen gaitasunak lantzeaz gain, prozesu pertsonalak eta harreman-sareak eraikitzeko aukera ere eskaintzen dute.
Pasaiako Udaleko Berdintasuneko zinegotzi Aintzane Taberna Ezkurraren arabera, izen-emateen bilakaerak erakusten du “emakumeen ahalduntzerako eta autonomia indartzeko espazioek beharrezkoak izaten jarraitzen dutela”. Ildo horretan, Jabetze Eskolak prestakuntza eskaintzeaz harago, emakumeek esperientziak partekatu, elkar ezagutu, gaitasunak garatu eta bakarka zein kolektiboki eraldaketa-prozesuak sustatzeko topagune izaten jarraitzen du.







