Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/11/11

Ikuskaren 27. edizioa aurkeztu da. 67 film labur proiektatuko dira

Pasaiako Badiako Film Laburren Nazioarteko Erakusketa azaroaren 14tik 22ra egingo da

IKUSKA Pasaiako Badiako Film Laburren Nazioarteko Erakusketak 27. edizioa beteko du aurten. Azaroaren 14tik 22ra bitartean, askotariko programazioa eskainiko da: 67 film labur proiektatuko dira.

Erakusketa Pasaiako Udalak eta Trintxer Kulturala elkarteak antolatzen dute, eta hainbat herrialdetako zinemagileek parte hartzen dute, hala nola: Frantzia, Belgika, AEB, Bolivia, Brasil, Erresuma Batua, Txile eta Portugal.

Atal ofizialaz eta lehiaketatik kanpoko film laburrez gain, Ikuskak euskara eta hizkuntza-bizikidetza sustatzen dituen Mintzagun atala izango du berriz ere. Azaroaren 18tik 20ra, euskarazko zenbait film labur proiektatuko dira Errenterian, Lezon eta Oiartzunen. Saio batzuk irekiak izango dira, eta beste batzuk euskaltegietako ikasleentzat.

Berriz ere Emea eta Askotarikoa atala nabarmenduko da, Bekoz Bekerekin batera sustatua, genero-berdintasuna eta feminismoa aitortzen dituena, eta atal horretan 5 film labur proiektatuko dira.

Aurten ere ez dira faltako film labur dokumentalaren saioa eta Gauguasa, umorezko film laburren proiekzioa, zeinak ikusleen algarak eragiten dituen.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Mintzagunen babesari esker, IKUSKAk 6.000 euro banatuko ditu hainbat kategoriatako sarietan. 7 kategoriatan banatuko dira SARIAK:

  •  IKUSKA 2025eko film labur onenari: 1.500 €
  • Interpretazio onenari: 1.000 €
  • Animazio film labur onenari: 500 €
  • Ikusleen saria: 500 €
  • Mintzagun saria: 1.000 €
  • Emea eta Askotarikoa saria: 1.000 €
  • Gazteen saria: 500€

 Aurreko edizioetan bezala, sariak azaroaren 22ko amaiera-saioan emango dira, Trintxerpeko Alkateordetzan, 19:00etatik aurrera.

Pasaiako alkate Teo Alberrok honako hau aipatu du: "Ia hiru hamarkada hauetan zehar, jaialdi honek konpromiso sendoa erakutsi du kulturarekin eta sorkuntzarekin, Pasaiako bihotzean errotutako topagune bihurtu da, eta mundua beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera eman digu ikus-entzunezko film laburren bidez. Urtez urte, IKUSKAk nazioartean gero eta proiekzio handiagoa du. Hala ere, urte hauetan guztietan ez du alde batera utzi bere tokiko izaera".

Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria eta Kultura Sustapeneko zuzendariak, honako hau gehitu du: “Ikuska bezalako erakusketek kultura zinematografikoaren bizitasuna erakusten dute, bai eta gure lurraldeko sortzaileen eta ikusleen arteko lotura indartzeko duten gaitasuna ere. Gipuzkoak kultura hurbil eta parte-hartzailea behar du, eta horretan funtsezkoa da udalerrietan egiten den lana. Pasaiako Ikuska jaialdia, urte askotan zehar, laborategi paregabea izan da, non ikus-entzunezko sorkuntza eta hizkuntza-aniztasuna elkar elikatzen diren, eta horrek gure kultur sistemari aberastasuna ematen dio”.

Bestalde, Laura Ré Pasaiako Kulturako zinegotziak azpimarratu duenez, "Ikuskak ez ditu urte hauetan guztietan bere sustraiak ahaztu: aniztasunari, hizkuntza-bizikidetzari eta berdintasunari egiten dien ekarpenak geroz eta konprometituagoa izaten jarraitzen du. Gainera, Mintzagun atalak euskararen erabilera eta harrotasuna sustatzen ditu. Gazteen sariak bertan kokatzen ditu nerabeen ahots kritikoak. Eta Emea eta Askotarikoa aitorpenak, hain beharrezko diren emakumeen ahotsa eta genero perspektiba kokatzen ditu beste behin kulturaren lehen lerroan. Edizio honetan ere, Pasaiak munduari irekitako leiho bat izango du berriz ere, kulturaren eta zinemaren bidez".

Azkenik, Trintxer Kulturalaren ordezkari Kike Santiagok honako hau esan du: “Ikuskak fikziozko istorioak eta istorio errealak kontatu nahi ditu, harremanak izateko ditugun moduei buruzko begirada partekatu, ezagutu eta zabaltzeko. Eskerrak eman nahi dizkiegu film laburrak egiten dituzten pertsona guztiei; haiek gatazka pertsonal eta sozialei buruzko begirada jasotzen dute, eta aretora joaten diren ikusleen gogoetak eragiten dituzte".

Aurtengo programa osoa jaialdiaren web-orri ofizialean kontsulta daiteke: www.ikuska.eus.

EGITARAUA