Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/12/12
Trintxerpeko Igeldo kaleko urbanizazioa berritu da
Lanek 1.195.323,74 euroko aurrekontua izan dute

Pasaiako Udalak azken asteetan amaitu ditu Trintxerpeko Andonaegi auzoko Igeldo kalea berrurbanizatzeko lanak, auzo osoaren birgaitze integraleko planaren barruan.
Igeldo kalearen berrurbanizazioa Andonaegi auzoaren eraldaketa sakonaren barnean dago, energia-eraginkortasuna, irisgarritasuna eta bizi-kalitatea hobetzea helburu duen plan integralaren barruan. Proiektu hori Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsen bidez finantzatutako Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren zati da. Igeldo kaleko esku-hartzeak, zehazki, 1.195.323,74 euroko aurrekontua du, BEZa barne. Hasierako aurrekontua baino handiagoa da, beste lan batzuk egin behar izan direlako. Udalak egin duen inbertsiotik, 466.279,15 euro NextGeneration funtsen bidez finantzatuko dira.
Lanen artean, espaloiak zabaldu dira, eta bideak irisgarri eta erosoagoak izan daitezen egokitu dira, urbanizazio kotak atarien kotekin bat egin dezaten.
Gainera, argiztapena berritu da, saneamendu-sarea berritu da eta elektrizitate- eta telefoniako kableak lurperatu dira. Azpiegiturak berritzeaz gain, berdeguneak sortu eta zuhaitzak landatu dira.
Egindako lanak ikusten aritu dira Teo Alberro alkatea eta Iraitz Pazos Hirigintzako zinegotzia. "Igeldo kaleko berrurbanizazioa Andonaegiko birgaitze integralaren beste urrats sendo bat da. Kaleak irisgarriagoak egin ditugu, energiaren ikuspegitik eraginkorragoak diren azpiegiturak jarri ditugu eta espazio publiko atseginagoak sortu ditugu. Espaloi zabalagoak, argiztapen berritua, berdegune gehiago eta kableak lurperatzea: guztiak dira auzo bizigarriago baten aldeko inbertsio zuzenak. Trintxerpetarrek egunerokoan nabarituko dute hobekuntza” esan du Pazosek.
Alberrok honakoa gaineratu du: "Andonaegiko eraldaketa ez da obra tekniko soil bat; gure barrutietako bizitza hobetzeko dugun konpromisoaren adierazgarri zuzena da. Igeldo kalea berritu eta irisgarriago bihurtzeak esan nahi du bizilagunek seguruago eta erosoago mugitu ahal izango dutela, eta hori oinarrizkoa da herri inklusibo bat eraikitzeko".
Andonaegi auzoaren eraldaketa integrala
Igeldo kaleko berrurbanizazioa Andonaegiko birgaitze integralaren fase bat da, non 19 ataritan banatutako 190 etxebizitza zaharberrituko diren. Plan integral horrek hiru oinarri ditu: eraikinen birgaitze integrala (irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna), urbanizazioa eta ekipamendu publikoa. Hori guztia faseka egingo da, eraikinen zaharberritzetik eta Igeldo kalearen urbanizaziotik hasita.
Kaleak berrurbanizatzeko planak oinezkoentzako eta egoteko eremuak eta zuhaiztiak berritzea lehenesten ditu, eta hiri-altzariak hobetzea eta azpiegiturak berritzea dakartza. Bestalde, hegoaldera begira dauden egonleku berriak sortzeko eta kaleen arteko komunikazio bertikalak hobetzeko balioko du. Oro har, lehentasuna emango zaie oinezkoentzako guneei eta irisgarritasunari.
“Datozen urteetan jarraituko dugu Andonaegiko eraldaketa honekin: etxebizitzen birgaitzea, kaleen arteko lotura bertikalak hobetzea eta etorkizuneko igogailuaren egitura prestatzea. Andonaegiko urbanizazioaren bigarren faserako 661.400 euro aurreikusi ditugu 2026ko aurrekontuan. Pauso sendoekin ari gara herria duintzen eta etorkizunerako prestatzen" amaitu du Pasaiako alkateak.








