Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/01/31

Aurrera doa ‘Etorkizuna birziklatzen’ hondakin-kanpainaren bigarren fasea

Dagoeneko hasi diren ingurumen-hezitzaileen bisitei informazio puntu finkoak eta mugikorrak batuko zaizkie otsailaren 3tik aurrera.

‘Etorkizuna birziklatzen’ hondakinen gaikako bilketari buruzko informazio-kanpainak aurrera jarraitzen du. Lehen aste honetan ekimenak oso harrera positiboa izan du hezitzaileen bisita jaso duten bizilagunen artean. Dagoeneko San Pedroko eta Antxoko 300 etxebizitza baino gehiagotan jaso dute kanpainako materiala hezitzaileek egindako bisitetan, eta hurrengo asteetan are gehiago izango dira.

Momentuz, hezitzaileak goizeko ordutegian joan badira ere, etxean inor topatu ez den kasuetan bigarren bisita bat egingo dute hemendik aste batzuetara, arratsaldez. Bigarren bisita horretan ere inor ez balego, kanpainako materiala etxeko atarietan utziko dute.

Informazio-puntuak zabalik

Etxez etxeko bisitak hasita, kanpaina dagoeneko murgildu da bigarren fasean. Datorren otsailaren 3tik aurrera herriko hainbat txokotan kokatuko diren informazio-puntu finkoak eta ibiltariak zabalduko dira eta herritarrek zein merkatariek bertan informazioa eskuratzeko aukera izango dute.

Puntu finkoak Trintxerpeko Gudarien plazan eta Antxoko Biteri plazan kokatu dira. Puntu mugikorrak, berriz, Donibaneko, San Pedroko eta Trintxerpeko zenbait txokotan topatu ahal izango dira. Horien kokapenaren eta ordutegiaren inguruko xehetasunak www.pasaia.eus/hondakinak webgunean topa daitezke.

Kanpaina

Gogorarazi behar da kanpainaren xedea dela Pasaiako etxe eta negozioetan gehiago eta hobeto birziklatzea, eta horretarako udala hainbat hobekuntza egiten ari dela hondakin sisteman. Hobekuntza horiek progresiboki jarriko dira martxan.

Alde batetik, otsailaren bigarren astetik aurrera hiri-garbigune berriak jarriko dira martxan etxeetako hondakin bereziak jasotzeko: pilak, bonbillak, mugikorrak, bateriak, tinta kartutxoak, etxetresna txikiak, jostailu elektronikoak, kafe-kapsulak, egur zatiak, gailu elektronikoak, margoak, disolbatzaileak, fluoreszenteak...

Bestetik, datozen hilabeteotan beste aldaketa batzuk egingo ditu udalak progresiboki: kaleko paperontziak ordeztu, organikoaren edukiontziak aldatu, edota errefusaren edukiontziak itxi.

Amaitzeko, gogorarazi da kanpainan parte hartzen ari diren profesionalak behar bezala identifikatuko dutela euren burua beren kredentzialekin eta Udalaren baimenarekin. Eta edozein zalantzaren aurrean hainbat komunikazio bide zabalik daudela:

Informazioa eta harremanetarako bideak
Telefonoa: 900 840 346
www.pasaia.eus/hondakinak
ingurumena@pasaia.net