Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/02/10
Ekainerako Gure Zumardiaren parte bat irekiko da, urbanizazio berriarekin
ETSk eta Udalak plaza nagusiaren behin betiko diseinurako akordioa lortu dute
Urte hasieran hasi ziren Pasaiako Gure Zumardia urbanizatzeko lanak, Antxoko lurpeko geltoki berria eraikitzeko obren erdigunea. Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak eta Pasaiako Udalak plazaren behin betiko diseinua adostu dute. Plaza Altza eta Galtzaraborda arteko Topoaren saihesbiderako ETS eraikitzen ari den lurpeko geltoki berriaren gainean dago, eta 2026an hasiko da zerbitzua ematen.
Pasaiako Udalaren proposamen arkitektonikoa 2024. urtearen amaieran egindako herritarren parte-hartze prozesuaren emaitza da. Bi erakundeen artean egokitu da, aurreikusitako urbanizazioa eremuaren ikusmolde oinezkoagora eta atseginagora egokitzeko, oinezkoentzako igarobideak eta berdegune gehiago lehenetsita. Euskal Trenbide Sareak gauzatuko du Udalarekin adostutako proiektua, eta 2,18 milioi euro inbertituko ditu barrutia berrurbanizatzeko, orain arte egin diren eta 2024ko ekainean plaza berriro irekitzea ahalbidetu zuten aurretiazko urbanizazio lanak barne. Adostutakoez gain Pasaiako Udalak beste elementurik behar badu, udal-aurrekontuaren bidez egingo zaie aurre.
Diseinua zehaztu eta obrak hasi ondoren, aurreikuspena plaza pixkanaka irekitzea da, datorren ekainetik aurrera zoladura amaitzen den heinean. ETS aurretiazko zenbait lan ari da dagoeneko egiten, hala nola plaza geltokiarekin eta San Fermin elizarekin lotuko duen igogailurako sarbideak, baita azoka zaharraren inguruan ere. Helburua, ezustekorik sortzen ez bada, obra gehienak 2026ko sanferminak baino lehen amaitu ahal izatea da.
Lehengo azoka zegoen eremuan berdegune zabal bat diseinatu da, haurrentzako jolasekin, barrutiko aisialdi-eremu gisa erabiltzeko. Era berean, geltokiko larrialdietako irteera aldatu zen, Ibaiondoranzko bidean oztopo bertikalik ez sortzeko.
Hamarretxeta eta Eskalantegi arteko eremua, barrutiaren erdigune nagusia, oztoporik gabe geratuko da, eta jarduerak egin ahal izango dira. Aurreikusitako zoladurak hormigoi noble desaktibatuz, hainbat baldosa motaz eta korten altzairuzko zintarriaz eginak dira, aurreikusitako erabilera guztietarako forma egokiak lortzen dituztenak.
Pasai Antxoko lurpeko geltokia Gure Zumardia kalearen ondoko plazaren azpian dago. Eraikitzeko, lehenik eta behin, lehendik zeuden hiri-elementuak kendu behar izan dira. Elementu horiek berrurbanizazio-prozesu bat behar dute orain, espazio publikoa herritarrei itzultzeko –azken hilabeteetan espazio publiko hori erabili ahal izan dute, oinarrizko berrurbanizazio batekin–. Geltokirako sarbidea Eskalantegi kalean egongo da, eta igogailua plaza berean, elizaren ondoan. Larrialdi-irteera Hamarretxeta kalearen inguruan egongo da.
Teo Alberro Bilbao Pasaiako alkateak azaldu duenez, "apustu ausarta egin dugu partaidetza-prozesu baten bidez, Antxoko herritarrek Gure Zumardia nola nahi zuten irudikatu zezaten. Helburua hasieratik argia izan da, proposamen errealista eta gauzagarria, herritarren ekarpenetan oinarritua". Alberrok eskerrak eman dizkio ETSri "akordiorako borondatea erakutsi duelako eta herritarren lan kolektiboa baloratu duelako", eta adierazi du "erabaki horrekin, Gure Zumardia lehengo egoerara itzuli baino, erreformatuta, egokituta eta etorkizunari begira itzuliko delako”.
Antonio López ETSko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, “Eusko Jaurlaritza inbertsio handia ari da egiten Antxoko herritarren bizi-kalitatea era bikoitzean hobetzeko, alde batetik, Altza eta Galtzaraborda arteko saihesbidea martxan jarrita, lurpeko geltokiarekin eta trenbide-maiztasunak hobetuta, eta, bestetik, inguruko biztanleentzat hain garrantzitsua den espazio publikoa lehengoratuta, hala nola Gure Zumardia; jarduketa horiek 100 milioi euro inguruko aurrekontua dute guztira”.
Altza eta Galtzaraborda arteko tartea eraiki eta martxan jarrita, 2016ko irailean Topoa Herreratik Altzaraino eraman zuen trenbide bikoitzeko trenbide-saihesbidea osatuko da. Horrela, tren batzuk ‘errebotatu’ egiten duten Altzako zaku hondoarekin amaituko da, igarobide bihurtuz.







