Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/12/17
Antxoko XII. Gabonetako Krosak trafikoan aldaketak eragingo ditu
Abenduaren 19an egingo da, 20:30ean
Hiru urteko hutsunearen ondoren, bueltan da Antxoko korrikalarien festa. Bertan dugu Antxoko XII. Gabonetako Krosa, Antxotarrak Lasterkari Taldeak antolatua. Lasterketa abenduaren 19an izango da eta 250 lasterkari inguruk parte hartuko dute. Antxotarrak Lasterkari taldeak antolatutako ekimen honetan izena emateko epea irekia dago oraindik kirolprobak.com webgunean.
Antxotarrak Lasterkari Taldearentzat garrantzitsua da krosa “izan ere, lasterkarien mesederako jarduera izateaz gainera, ostiral arratsaldean sekulako giroa izango da herrian, eguberrien atarian kirolaz gozatzeko eta korrikalariak animatzeko aukera hobe ezina baita. Antxo girotzeko eta barrutiari gure ekarpena egiteko modua da krosa”.
Sariei dagokienez, zortzi izango dira orotara: lehen hiru emakumeek eta gizonek garaikurra izango dute, eta gainera, pasaitarren artean lehen emakume eta gizon direnek ere saria izango dute. Sarien banaketa proba bukatu eta berehala egingo da, 21:30 inguruan, Gure Zumardian; han izango du irteera eta helmuga lasterketak.
Lasterketaren ondorioz, trafikoan aldaketak izango dira barrutian. Izan ere, barruti barruko trafikoan eta garajeen sartu-irtenetan eragozpen oso nabarmenak izango dira 20:00etatik 21:15 arte.
Pasaiako Udaltzaingoak aholkatzen du denbora tarte horretan ibilgailuen erabilera ahalik eta gehien mugatzea. Hori ezin bada egin, ondorengo gomendioak kontuan hartzea eskatzen da:
ANTXORA SARTZEA
Ezingo da barrutira sartu Ibaiondo pilotaleku ondoko sarreratik (Oarso eta Galesio Aranburu kaleetara doana). Antxora sartzeko aukera bakarra Eskalantegi kalekoa izango da.
ANTXOTIK IRTETEA
Barrutitik ateratzeko aukerak Ibaiondo pilotaleku ondoko errepidea (tarteka zabalduko dena) eta Maiatzaren Lehena kaleak izango dira.
ERAGINA ZENBAIT KALETAN
- Hamarretxeta, Blas de Lezo, Gure Zumardia eta Zumalakarregi kaleak erabat itxita egongo dira. Bertako garajeetara ezingo dira ibilgailuak sartu, ezta horietatik atera ere.
- Gelasio Aranburu kalea:
◦ Luzuriagako aparkalekutik Ibaiondo pilotaleku ondoko biribilgunera egongo da zabalik (txandakako trafikoarekin), herritik ateratzeko noranzko bakarrarekin.
◦ Oarso kaleko bidegurutzetik Blas de Lezo kalera arteko bidegurutzera itxita egongo da. Bertako garajeetara ezingo dira ibilgailuak sartu, ezta horietatik atera ere.
- Eskalantegi kalea:
◦ Nafarroa etorbideko sarreratik, Kupeldegi kalera arte zabalik egongo da.
◦ Kupeldegi kaletik Molinao alderako zatian, bertako etxeetako garajeetara sartu behar dutenei bakarrik ahalbidetuko zaie sarbidea.
- Oarso kalea:
◦ Eskalantegi kaletik Hamarretxeta kaleko tartera arte zabalik egongo da.
◦ Hamarretxeta kaletik Gelasio Aranburu kaleko tartera arte itxita egongo da. Bertako garajeetara ezingo dira ibilgailuak sartu, ezta horietatik atera ere.







