Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/12/03
Gabonetako argiak abenduaren 5ean piztuko dira Pasaian
Gabonetako argiteria berritu da aurten, Laurak Bat merkataritza-elkartearekin sinatutako hitzarmena betez

Pasaiako Udalak eta Laurak Bat elkarteak udaran sinatutako lankidetza-hitzarmena aurrera doa.
Hitzarmenaren helburua da merkataritza-sektorearen eta Udalaren arteko harremanak indartzea, Pasaiako merkataritzaren jarduera ekonomikoa bultzatzeko ekimenak sortuz.
Aurten, esaterako, Pasaiako saltokien ingurunea eta ikusgarritasuna hobetzea zen akordio horren ildoetako bat. “Gabonetan herriko kaleek giro berezia hartzen dute; barrutiak elkartu eta dinamizatzeko aukera ematen dute. Garai garrantzitsua da hau tokiko merkataritzarentzat, eta horregatik, hain zuzen, Pasaiako espazio publikoak aktibatzeko eta herriko merkataritza txikia babesteko, inbertsioa egin dugu aurten Gabonetako argi berriak ipiniz” azaldu du Mikel Garcia Peñilek, Merkataritza gaiak kudeatzen dituen zinegotziak.
Argiztapena abenduaren 5eko arratsaldean piztuko da, 17:35ean zehazki.
Mari Carmen Mogilnicki Laurak Bateko presidenteak adierazi duenez, "eskerrak eman nahi dizkiogu Udalari argi berriak erosteagatik. Herria argiztatuta egotea eta bizilagunak Pasaian kontsumitzen jarraitzea nahi dugu. Zuzendaritza batzordeko bi kide, Eider Mohedano eta Ana Etxabe, maiatzetik aritu dira proiektu hau prestatzen udal elektrikariekin batera. Pasaiako gune estrategikoetan argiak jarri dira, eta helburua da datozen urteetan gune eta kale ezberdinetan argien kopurua handitzen jarraitzea ".
Pantaila informatibo berriak
Laurak Bat elkartearekin elkarlanean, Antxon eta Trintxerpen jarritako pantailei bi gehiago gehitu zaizkie azken asteetan: bat Donibanen eta, bestea, San Pedron.
Udalaren abisuak, albisteak, azken orduko jakinarazpenak eta ekitaldien agenda iragartzen dituzten baliabideak dira. Merkataritza elkartearen promozioak eta albisteak ere bertan argitaratzen dira.
“Euskarri dinamiko hauen bidez, tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea sustatzeaz gain, herritarrekin komunikatzeko bide berri bat ere inplementatu dugu lau barrutietan” amaitu du Peñilek.






