Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/02/10

Martxan da Gizarte Ekintzako zentro berria, Finiren txokoa

Antxon dago kokatuta 60 urtetik gorako herritarrentzako eguneko arreta zerbitzua

Pasaiako Udalak Gizarte Ekintzako baliabide berri bat jarri du martxan Antxoko Eskalantegi kaleko 53. zenbakian: Finiren txokoa, egoera ahulean, hauskorrean edota mendekotasun moderatuan dauden 60 urtetik gorako herritarrentzako eguneko arreta zentroa berria. Zerbitzua otsailaren 10ean hasi da martxan, eta hilaren 24an inaugurazio ofiziala egingo du Udalak, dagoeneko zerbitzua erabiltzen ari diren pertsonen parte-hartzearekin.

Finiren txokoa astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, goizez eta arratsaldez. Bi talde egongo dira:

  • Goizeko taldea: 10:00etatik 13:00era
  • Arratsaldeko taldea: 15:30-18:30

Erabiltzaileek astean bitan parte hartu ahal izango dute (astelehenetik ostiralera) bakoitzaren nahi eta beharren arabera, arreta pertsonalizatu eta malgua bermatzeko helburuarekin. Talde bakoitzean 18 plaza egongo dira gehienez.

Pasaiako Udala adinekoei arreta komunitarioa emateko garatzen ari den estrategiaren barruan kokatzen da Finiren txokoa, eta apustu argia egiten du pertsonarengan oinarritutako eredu baten alde, prebentzioa, autonomia pertsonala, hurbiltasuna eta komunitate-sarea oinarri hartuta.  Aintzane Taberna Ezkurra Gizarte Ekintzako zinegotziak azpimarratu duenez, “adinekoen zaintza ezin da soilik zerbitzu gisa ulertu; harremanetan, auzoan eta komunitatean sustraitutako eredu bat behar dugu, pertsonek beren bizi-proiektua ingurune ezagunean garatzen jarraitu ahal izan dezaten”. Zinegotziaren hitzetan, “Finiren  txokoa ez da arreta-gune bat bakarrik: Pasaiak zaintzari buruz duen ikuspegiaren adierazpena da, bakardadeari aurre egiteko eta adinekoek komunitatean duten tokia indartzeko tresna bat”.

Zerbitzuaren helburua eta jarduerak

Finiren txokoa Pasaiako Gizarte Ekintzako zerbitzuen sarearen barruan kokatzen da, eta, oro har, honako baldintzak betetzen dituzten pertsonei zuzenduta dago:

  • Pasaian erroldatuta egotea.
  • 60 urtetik gorakoa izatea.
  • Hauskortasun-, kalteberatasun-, bakardade- edota 1. mailako mendekotasun egoeran egotea, edo gizarte-zerbitzuek egokitzat jotzen duten beste edozein egoeratan egotea.

Zerbitzuaren helburu nagusia da egoera ahulean edo mendekotasun moderatuan dauden Pasaiako adinekoei laguntzea, beren ohiko bizitzarekin jarraitu ahal izan dezaten eta komunitatean modu aktiboan jarrai dezaten, bakardade- eta isolamendu-egoerak arinduz.

Horretarako, dinamizatzaile baten laguntzaz, honako jarduerak garatuko dira:

  • Osasun kognitiboa sustatzeko jarduerak.
  • Osasun fisikoa eta psikikoa lantzeko jarduerak.
  • Aisia-, kultura- eta eskulan-jarduerak.
  • Gizarte-harremanak eta komunitatean integratzea sustatzen dituzten ekimenak.

Horrez gain, arlo komunitarioa lantzeko teknikari baten laguntza izango du proiektuak. Pertsona hori dagoeneko Antxoko elkarte eta eragile komunitarioekin lanean ari da, adinekoen eta komunitatearen arteko harreman- eta lankidetza-bideak indartzeko helburuarekin.

Taldeak osatzen hasiak dira, baina oraindik plaza libreak daude.  Izena emateko, hitzordua hartu behar da Gizarte Ekintza sailean, bitarteko hauen bidez:

  • Telefonoz: 943 344 034 (910 luzapena).
  • Aurrez aurre: Gizarte Ekintzako bulegoetan: 
    • Gelasio Aranburu kalea, 8, Antxo.
    • Euskadi etorbidea, 27 Trintxerpe.
    • Arizabalo jauregia, Donibane kalea, 19, Donibane

Tabernak nabarmendu duenez, “zerbitzu honen balio nagusia ez dago eskaintzen diren jardueretan bakarrik, baizik eta sortzen den harreman-sarean: adinekoen autonomia eta duintasuna errespetatzen dituen espazio bat da, non erabiltzaileak entzunak eta komunitatearen parte sentitu ahalko diren”. Ildo horretan, Finiren txokoa bakardade-egoerei aurre egiteko eta komunitate-loturak indartzeko tresna gisa ulertzen du udal gobernuak.

Fini Rubioren legatua

Josefina Rubio Tiok 2015. urtean bere ondasun eta eskubideen zati baten jaraunsle izendatu zituen Andoain, Hernani, Errenteria eta Pasaiako udalak. Zehazki, Pasaiari 939.439,12 euroan zenbatetsitako herentzia egokitu zitzaion, eta zerbitzu berria dohaintza horri esker jarri da martxan.

Udalak 300 metro koadroko Eskalantegiko lokala erosi zuen 2022an, 211.043,77 eurogatik. Horrez gain, obra-proiektuaren idazketa, zuzendaritza, lanen gauzatzea eta ekipamenduaren horniduragatik 469.066,41 euroko inbertsioa egin du Pasaiako Udalak. Azken zenbateko horretatik 362.879 euro Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Sailaren dirulaguntza bati esker finantzatu dira.

Egokitzapen lanez gain, Udalak dagoeneko zerbitzua lizitatu du bi urterako (beste bi urtez luzatzeko aukerarekin). Zerbitzu horrek urteko 76.923,08 euroko kostua izango du.

Fini Rubio kontzientzia sozial eta konpromiso politiko sakoneko emakumea izan zen. Valladoliden jaioa, Madrilen eta ondoren Euskal Herrian bizi izan zen, eta bertan ezkerreko feminismo abertzalean militantzia aktiboa garatu zuen. Erbesteak, borroka feministak eta babesik gabeko pertsonen eskubideen defentsak markatu zuten bere bizitza.

Irakasle izan zen Paueko, Tolosako eta EHU/UPVko unibertsitateetan, eta bere ibilbide osoan zehar ikuspegi kritiko, humanista eta solidarioa transmititu zuen.

Finiren txokoa