Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/12/19
Pasaiako poesia sarien banaketa ekitaldian Félix Marañari omenaldi berezia egin zaio
XXIII. edizioaren txapeldunak txalotu zituzten abenduaren 18an

Pasaia hiria -Xabier Portugal eta Villa de Pasaia -Altamira Puente poesia lehiaketako sarien irabazleak txalotzeko garaia izan zen abenduaren 18an.
Ekitaldia Trintxerpeko liburutegian izan zen eta bertan izan ziren Teo Alberro, Pasaiako alkatea; Laura Ré, Kultura zinegotzia; eta Iraitz Pazos, Trintxerpeko alkateordea.
Laura Rék ekitaldia aurkeztu zuen eta ondorengo mezua zabaldu zuen “Udaletik sinetsita gaude poesia ezinbestekoa dela kultura bizirik mantentzeko, liburutegiak herriaren bihotz kultural gisa ulertzeko, eta hizkuntzak —euskaraz zein gaztelaniaz— sorkuntza bidez elkarrekin biziarazteko”.
Irabazleak
Euskarazko atalean, “Gogoan dut”, Gorka Salces Alcalde idazlearen poema bildumak irabazi du lehiaketaren lehenengo saria. Bigarren saria, berriz, “Hondarrak”, Maitane Arizti Ugarteburu idazlearen lanarentzat izan da.
Gaztelaniazko atalean, Rafael Bravo Arrizabalaga idazlearen “Teoría del epílogo” lanak irabazi du lehiaketaren lehenengo saria. Bigarren saria hutsik uztea erabaki du epaimahaiak.
Urtero egin ohi den modura, irabazitako lanekin liburua argitaratu du Pasaiako Udalak. Gaur arte 30 liburu argitaratu dira, 17 gaztelaniaz eta 13 euskaraz, 1981. urtean lehenengo bi liburuak argitaratu zirenetik.
Nerea Beldarrain eta Irati Goikoetxea idazleak euskarako epaimahaiko lanetan aritu dira, eta Elena Roman, Jesus Maria Corman eta Félix Maraña izan dira gaztelaniazko epaimahaiko kideak.
Irabazleek beraien lanaren nondik norakoen berri eman zuten, eta sorkuntzari buruzko pasadizoak aipatu zituzten. Aldi berean, zenbait pasarte errezitatu zituzten publikoaren gozamenerako.
Omenaldia Félix Marañari
Ekitaldia inoiz baino motzagoa izan zen, izan ere, sorpresazko omenaldia egin nahi zitzaion Félix Marañari, poesian eta sari hauen ibilbidean hain garrantzitsua izan den idazleari.
Horretarako, bat-batean, Arantxa Iturbe liburuzainak Félixen 'Roblón de llamas' olerkia errezitatu zuen. Félixek ezustean hartu bazuen ere, ilusio handiarekin entzun zituen pasarte horiek.
Ondoren, Pasaiako alkateak hartu zuen hitza: “sari banaketa honetatik tarte bat hartzea gustatuko litzaidake, ezinbesteko aitortza bat egiteko.
Izan ere, gaur ez dugu soilik datorren poesia ospatzen, baita sari hau sostengatzen, laguntzen eta bultzatzen hamarkadak daramatzan poesia ere.
Félix Marañaz hitz egitea, bere obra osoa eta munduan egoteko modua zeharkatzen duen kultur kazetaritzaz, poesiaz, pentsamendu kritikoaz eta umoreaz —umore fin, eskuzabal, batzuetan malenkoniatsu hori— hitz egitea da.
Baina gaur gauza oso alderdi zehatz bat azpimarratu nahi dugu: haren etengabeko konpromisoa Pasaiako poesia sari hauekin”.
Félixek hitza hartu nahi zuen, baina ez zioten utzi, momentuaz gozatzeko esan zitzaion. Bat batean, Donostiako Orfeoiko 8 lagunek bi kanta abestu zizkioten.
Elena Román eta Jesus María Corman epaimahaikideek ere hitza hartu zuten, eta Félixen figura eta lana goraipatu zuten.
Jarraian, Ana Mendiola artistak dantza berezia bat egin zuen; hain zuzen ere, Félixen poesia bat dantzaren bidez adierazi zuen.
Gero, Orfeoiko kideek 'Agur Jaunak' kanta abestu aurretik.
Amaitzeko, Jesús María Cormánen 'El país de la Zurriola' kuadroa oparitu zioten Aitziber Zinkunegik, Udal Liburutegietako arduradunak, eta Beatriz Caballerok, Kulturako teknikariak.
Familia eta lagunak bertan zituela, ahaztuko ez duen arratsaldea bizi izan zuen Félixek. Hitzik gabe geratu zen ezustekoarekin.







