Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/02/12
Energia-Komunitateen sorrera bultzatuko da, hiru saio irekiren bitartez
Saioak San Pedron izango dira otsailaren 19an, martxoaren 5ean eta 26an
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Energia Eraldaketarako Bulegoaren bidez, Pasaian energia-komunitate bat sortzea bultzatuko du, herritarrei irekitako hiru dinamizazio-saio antolatuta, Pasaiako Udalarekin lankidetzan.
Saio horien helburua da herritarrei informazioa, prestakuntza eta laguntza ematea tokiko energia-komunitate bat sortzeko prozesuan, energia-eredu bidezkoagoa, parte-hartzaileagoa eta jasangarriagoa sustatuz, energia berriztagarriaren sorkuntzan eta kontsumo partekatuan oinarrituta.
- Lehen saioa otsailaren 19an izango da, 18:30ean, San Pedroko udal-aretoan, eta energia-komunitateak zer diren eta ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren ikuspegitik zer onura dituzten azalduko du.
- Bigarren saioa martxoaren 5ean egingo da, 18:30ean, espazio berean, eta aukera emango du energia-komunitate bat osatzen duten funtsezko eragileak ezagutzeko, bai eta eskura dauden finantzaketa-aukerak eta bultza daitezkeen proiektuak ezagutzeko ere.
- Azkenik, hirugarren saioa martxoaren 26an egingo da, 18:30ean, San Pedroko udal-aretoan, eta energia-komunitate bat nola kudeatu eta abian jarri ikasteko izango da, Pasaiako energia-komunitatea sortzeko ibilbide-orria ezarriz.
Saio horiek Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren estrategiaren barruan kokatzen dira, eredu energetiko jasangarriago, demokratikoago eta kolaboratiboago baterantz aurrera egiteko, herritarrei informazioa, aholkularitza teknikoa eta laguntza ekonomikoa emanez energia berriztagarriko tokiko proiektuak bultzatzeko. Energia Eraldaketarako Bulegoaren bidez, laguntza teknikoa, juridikoa eta administratiboa eskaintzen da, bai eta laguntza ekonomikoak ere autokontsumoko, biltegiratzeko eta mugikortasun elektrikoko instalazioetarako.
Eredu energetiko bidezkoa, parte-hartzailea eta jasangarria
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren estrategia trantsizio energetikoa herritarren inplikazio aktiboaren bitartez eraikitzea da. Energia-komunitateek aukera ematen dute pertsonak energia-sistemaren erdigunean jartzeko, autokontsumo partekatua, faktura elektrikoaren murrizketa eta energia-pobreziaren aurkako borroka erraztuz, eta, aldi berean, eredu garbiagoa eta ingurunearekiko errespetuagoa sustatuz.
Jasangarritasun Departamentuaren ahaleginaren ondorioz, gaur egun, 67 energia-komunitate daude martxan Gipuzkoako 59 udalerritan, eta 10.000 familia baino gehiago biltzen dituzte. Departamentuaren helburua da 2027an udalerri guztiek gutxienez energia-komunitate bat abian izatea.
Pasaiako Udalaren lan-ildo nagusia berriz, Pasaia berdeago baten aldeko apustua egitea da, trantsizio energetikoarekin, energia berriztagarrien erabilerarekin, erregai fosilen murrizketarekin, Berotegi Efektuko Gasen (BEG) isurien jaitsierarekin eta larrialdi klimatikoari aurre egiteko estrategiarekin lotuta.
Hori horrela, udalaren ikuspegitik, saio hauen antolaketaren helburu nagusia da herritar interesdunei informazioa, tresnak eta ezagutza eskaintzea, energia-komunitate bat sortzeko aukera erreala izan dezaten, betiere herritarren borondatean eta inplikazioan oinarrituta. Pasaiako Udala prest dagoela gai honetarako aholkularitza teknikoa eta laguntza eskaintzeko, herritarren aldetik interes nahikoa balego. Izan ere, 2026ko aurrekontuetan dagoeneko aurreikusita dago prozesu hori laguntzeko partida ekonomiko bat.







