Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/09/25

El Salvadorretik Euskal Herrira: giza eskubideen defentsaren testigantza Pasaian

Mundubatekin elkarlanean eta Bixi-Bixi Elkartearen laguntzarekin, giza eskubideen defentsaren inguruko topaketa egin du

Pasaiako Udalak, Mundubatekin elkarlanean eta Bixi-Bixi Elkartearen laguntzarekin, afaloste-topaketa egin zuen atzo Bixi-Bixi elkartean, giza eskubideen defentsaren inguruan hausnartzeko eta El Salvadorren bizi izandako jazarpenaren eta erbestearen testigantzak zuzenean ezagutzeko.

Topaketan Ivania Cruz eta Rudy Joya, abokatuak eta giza eskubideen defendatzaileak, izan ziren protagonista. Biek UNIDEHC (Unidad de Defensa de Derechos Humanos y Comunitarios) erakundearekin dute harremana, eta urteetan aritu dira El Salvadorreko komunitateei eta giza eskubideen urraketak jasan dituzten pertsonei laguntza eta babes juridikoa eskaintzen.

El Salvadorren bizi izan zuten egoeraz, giza eskubideen defentsan egindako lanaz, jasandako jazarpenaz eta 2025ean Euskal Herrira ekarri zituen erbeste-prozesuaz hitz egin zuten. Era berean, euren esperientziatik abiatuta, nazioarteko errepresioaz  hausnartu zuten, eta azaldu zuten herrialde batetik ihes egiteak ez diola jazarpenari amaiera ematen.

“Ez dugu haiei buruz hitz egin nahi; haiek entzun nahi ditugu” izan zen topaketaren abiapuntuetako bat. Horrela, afalostea elkarrizketarako eta entzuteko espazio bihurtu zen, urruneko errealitate bat gertutik ezagutzeko eta giza eskubideen defentsak duen garrantziaz hausnartzeko.

Aintzane Taberna Pasaiako lehen alkateorde eta Gizarte Ekintzako zinegotzi arduradunaren hitzetan, “giza eskubideen alde lan egiten duten pertsonen ahotsa zuzenean entzutea ezinbestekoa da, askotan urruneko errealitate gisa ikusten ditugun egoerak pertsonen bizipen eta aurpegien bidez ezagutzeko”. Tabernak azpimarratu duenez, “Pasaian ere badugu ardura elkartasun eta babes sareak indartzeko, eta horretarako garrantzitsua da herritarrei halako esperientziak ezagutaraztea eta elkarrizketarako espazioak sortzea”.

Pasaiako Udalak gogorarazi du 2024an Herri Babesareko kide egin zela, giza eskubideen defentsan diharduten pertsona eta erakundeekin elkarlana sustatzeko eta haien lana babestu eta ezagutarazteko konpromisoaren barruan.