Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/09/15

Bartzelonako ordezkaritza batek Pasaiako ekintza komunitarioko esperientzia ezagutu du

Iazko topaketari jarraipena emanez, Pasaiako esperientzia ezagutu eta ekintza komunitarioaren inguruko ikuspegiak partekatu dituzte

Bartzelonako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza bat hartu dute Pasaiako Udaleko ordezkariek irailaren 15ean Arizabalo eraikin nagusian. Topaketaren helburua izan da herrian ekintza komunitarioaren, prebentzioaren eta gizarte-lanketaren inguruan garatzen ari diren esperientziak ezagutu eta partekatzea. Bartzelonako Udaleko ordezkaritza batek iaz ere herria bisitatu zuen, eta aurten bidaia errepikatu dute zenbait kidek, beste partaide berri batzuekin batera.

Bilera Pasaiako Udaleko osoko bilkuren aretoan izan da. Aintzane Taberna lehen alkateorde eta Gizarte Ekintzako zinegotzi arduradunak egin die harrera bisitariei, eta ondoren parte-hartzaileek elkar ezagutzeko eta bakoitzaren lan-esparruak aurkezteko tartea izan dute.

Jarraian, Pasaiako Udaleko arduradunek herrian garatzen ari diren hainbat esperientziaren berri eman dute. Batetik, Haur eta Nerabeen Eskubideen Sailaren eta Eskubidean planaren ibilbidea eta oinarriak azaldu dituzte. Pasaiak urteak daramatza haur eta nerabeak udal-politiken subjektu aktibo gisa aitortzeko eta haien parte-hartzea sustatzeko lanean. Eskubidean planak, besteak beste, haurren eta nerabeen eskubideak babestu, sustatu eta bermatzea du helburu, eta horretarako haurren eta nerabeen zein haiekin lan egiten duten eragile sozialen eta hezkuntza-eragileen parte-hartzea sustatzen du.

Ildo horretan, haur eta nerabeen parte-hartzea ez da soilik haiei zuzendutako politiken hartzaile izatera mugatzen; udalerria eta euren ingurunea nolakoa izan behar den erabakitzeko prozesuetan ahotsa eta protagonismoa izan dezaten bilatzen da. Horretarako, Udalak hainbat parte-hartze eta koordinazio egitura garatu ditu, udaleko zerbitzuak, hezkuntza- eta gizarte-eragileak eta haur eta nerabeak beraiek harremanetan jarriz.

Bestetik, Pasaiako Gizarte Ekintzako arduradun teknikoek udalerrian adin eta kolektibo desberdinekin egiten den lana azaldu dute, prebentzioa, babes soziala eta komunitate-lana ardatz hartuta.

Horren baitan, udaleko gizarte-zerbitzuek egiten duten eguneroko lana, adin eta egoera desberdinetako herritarrei eskaintzen zaien arreta eta prebentzio-lana zein udalerriko eragileekin egiten den koordinazioa partekatu dituzte. Ikuspegi horrek gizarte-arreta komunitatearen errealitatearekin lotzea eta beharrei ahalik eta modu gertukoenean erantzutea bilatzen du.

Aurkezpenen ondoren, solasaldirako eta esperientziak elkarrekin partekatzeko tartea izan dute parte-hartzaileek. Horrela, Pasaiako, Gipuzkoako zein Bartzelonako esperientziak alderatu, ikuspegiak trukatu eta ekintza komunitarioaren inguruko erronkak eta aukerak elkarrekin aztertzeko aukera izan dute.

Parte-hartzaileak

Topaketan Bartzelonako Udaleko Ekintza Komunitarioko eta Gizarte Zerbitzuetako ordezkari hauek hartu dute parte: Bet Bárbara, Ekintza Komunitarioko zerbitzuen zuzendaria; Cecilia Roig eta Anna Regué, Gizarte Zerbitzuen Udal Institutuaren «Komunitarioki» proiektuko teknikariak; Mireia Albors, Ekintza Komunitarioko lurralde-koordinazioko teknikaria; Dammna Prudencio, Gizarte Zerbitzuen eta Zentroen Lurralde Saileko teknikaria; eta Cristina Creus, CAI La Marina arreta-zentro integraleko zuzendaria.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik, berriz, Mikel Pagola Tolosa, Gobernu Onaren eta Berrikuntza Politiko-Sozialaren zuzendaria; Gemma Etxabe Eizmendi, Gobernu Onaren eta Herritarren Partaidetzaren zerbitzuburua; eta Miren Arbelaitz, Garbiñe Aramendi eta Maite Garcia teknikariak izan dira.

Pasaiako Udalaren ordezkari, Aintzane Taberna, lehen alkateordea eta Gizarte Ekintzako zinegotzi arduraduna; Laura Ré, Parte-hartze zinegotzia; Marian Suarez, Gizarte Ekintzako arloko buru teknikoa; Ander Lizarza, Maider Guezala eta Maitane Irurieta, Gizarte Ekintzako gizarte-langileak; eta Eli Astiasaran, Haur eta Nerabeen Eskubideen Saileko teknikari arduraduna, izan dira.