Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/06/04

Correos eraisteko lanak gaur hasiko dira

Trintxerpeko eraikinaren eraispenak bizilagunen erabilerarako espazio publiko zabala utziko du

Gaur hasi dira Correoseko eraikina eraisteko lanak, eta horrekin hasi da La Herrera eremua eraldatzeko sinatutako erakundeen arteko hitzarmenaren barruan aurreikusitako jarduketa nagusietako bat. Correosek dagoeneko La Herrera eraikin berrian ditu bere bulegoak, eta horrek ahalbidetu du eraispenari eta ondorengo berrurbanizazio-lanei ekitea.

Pasaiako Udalak, Pasaiako Portu Agintaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Sprilurrek iaz sinatutako hitzarmenak hainbat jarduketa jasotzen ditu: Correoseko eraikina eraistea, lurzatia eta inguruko espazioak berrurbanizatzea, Correosen instalazio berriak egokitzea eta, bereziki, Trintxerpeko herritarrentzat erabilera publikoko espazio berriak sortzea.

Proiektuaren helburua da gaur egun erabilera mugatua duten eremuak herritarren eskura jartzea eta La Herrerako eraldaketan beste urrats bat egitea. Jarduketa horiei guztiei esker, 3.200 metro koadro baino gehiagoko espazio publikoa berreskuratuko da, oinezkoentzako eta bizikletentzako loturak hobetuko dira eta Trintxerperentzako plaza eta egonleku berri bat sortuko da.

Pasaiako alkate Teo Alberroren hitzetan, "urrats garrantzitsua da eraisketa hau. Trintxerpek espazio publiko berri eta kalitatezko bat irabaziko du, herritarren eguneroko erabilerarako pentsatua. Urte luzez itxita edo erabilera mugatuarekin egon diren eremuak pixkanaka herritarren esku jartzen jarraituko dugu, horixe da Udalaren lehentasunetako bat: espazio irekiagoak, irisgarriagoak eta bizigarriagoak eraikitzea”.