Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/10/09

Bokalek IV. Topaketa antolatu du, euskararen aldeko lana aitortu eta indarrak batzeko

Urriaren 22an izango da, San Pedron

Pasaiako euskara sustatzeko lanean ari diren eragileak eta Udala elkartzen dituen Bokalek (Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak) IV. Topaketa ospatuko du urriaren 22an, ostegunarekin. Ekitaldia 18:30etik 20:00etara izango da, San Pedroko Erti Udal Aretoan, eta herriko norbanako euskaltzaleei zein eragileei zuzenduta dago.

Bokaleren topaketaren helburua da herrian euskararen alde egiten ari den lana ezagutaraztea, sektore bakoitzean garatutako egitasmoak balioan jartzea eta eragileen arteko elkarlana indartzea. Horretarako, urtean zehar Bokaleren baitan sektorekako lan-mahaietan egindakoaren berri emango dute saioan.

Aurtengo edizioan, gainera, hizkuntza-eskubideen eta justizia soziolinguistikoaren inguruan hausnartzeko aukera izango da, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiaren eskutik. Hitzaldiak gogoetarako bide emango du, euskararen aldeko lanean aurrera egiteko eta hizkuntza-eskubideen bermea erdigunean jartzeko.

Topaketak bestelako une bereziak ere izango ditu: euskararen sustapenean nabarmendu diren pasaitarrei aitortza egingo diete, eta Amaia Irazabalek eta Oier Gillanek Pizgailua irakurketa dramatizatua eskainiko dute, topaketa honetarako berariaz prestatutako emanaldia. Ekitaldia mokadutxo batekin amaituko da, bertaratutakoen arteko harremanak eta solasaldia sustatzeko.

Pasaiako Udalak eta Bokale osatzen duten gainerako eragileek herriko euskaltzale guztiak gonbidatu nahi dituzte topaketan parte hartzera, euskararen inguruan egiten ari den lana ezagutzeko eta etorkizuneko erronkei elkarrekin heltzeko.

Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute, euskara@pasaia.net​​​​​​​ helbidera idatzita.


​​​​​​​