Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/10/15

Pasaiako Adinekoen Kontseiluak hitzaldi bat prestatu du, adinekoen eta gazteen arteko bizikidetza sustatzen duen Bizihabi programari buruzkoa

Hitzaldia urriaren 21ean izango da, 17:30ean, Donibaneko Juanba Berasategin

Pasaiako Adinekoen Kontseiluaren ekimen bati esker, pasaitarrek aukera izango dute Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren belaunaldien arteko bizitoki partekatuaren Bizihabi programa gertutik ezagutzeko. Programa horren bidez, adinekoek eta gazteek etxebizitza partekatzen dute, haien ongizatea hobetzearren. Hitzaldia urriaren 21ean 17:30ean izango da Donibaneko Juanba Berasategin, eta sarrera doakoa da edukiera osatu arte.

Pasaiako Adinekoen Kontseilua Udalaren elkarrizketarako gune bat da, Gizarte Zerbitzuek bultzatua. Udalerriko hainbat eragile biltzen dira, kolektibo horren premiei heltzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko. Hitzaldiari hasiera emango diote lehenengo alkateorde eta Gizarte Ekintzako zinegotzi arduradun Aintzane Tabernak eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gazteen Emantzipazioko zuzendari Adrián Lópezek.

"Udaletik adineko pertsonek beren bizi-proiektuak autonomiaz, laguntzaz eta ongizatez garatu ahal izateko espazioak eta baliabideak sortzen jarraitu nahi dugu. Horretarako, garrantzitsua da gure udalerrian dauden errealitate eta behar desberdinak entzutea eta hainbat aukera haien eskura jartzea. Bizihabi aukera horietako bat izan daiteke, eta hitzaldi honek aukera emango digu programaren funtzionamendua hobeto ezagutzeko, zalantzak argitzeko eta Pasaiako pertsona batzuen beharretara egokitzen ote den baloratzeko", adierazi du Pasaiako Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Aintzane Tabernak.

Irekiera instituzionalaren ondoren, Bizihabiko talde teknikoak, Kuvu erakundekoa denak, programak nola funtzionatzen duen aurkeztuko du, eta gune bat prestatuko du herritarrek zalantzak argitu ditzaten. Sarrera librea da, edukiera bete arte.

Bi belaunaldiei mesede egiten dien bizikidetza

Bizihabiren proposamena da etxebizitzan logela bat duten 65 urtetik gorako pertsonek etxea partekatzea aldi baterako bizitokia bilatzen ari diren 35 urtetik beherako gazteekin, talde teknikoak aurretik azterketa-lan bat egin ondoren. Programaren bitartez bi belaunaldien ongizatea hobetu eta gustukoa ez den bakardadea murriztu nahi da, bizikidetza osoan zehar belaunaldien arteko harremanak eta laguntza profesionala sustatuz.

Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gazteen Emantzipazioko zuzendari Adrián Lópezek dioenez, "Bizihabi programak eragin positiboa du gazteengan, aldi baterako ostatu eskuragarriagoa baitute eta adinekoei ere mesede egiten baitie; izan ere, adinekoek diru-sarrera gehigarri bat jasotzen dute, gainbegiratutako programa batean elkarri konpainia egiteaz gain; politika bera gustukoa ez den bakardadeari aurre egiteko lagungarria da, eta etxebizitza eskuratzea errazten du". 

2023an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan abian jarri zenetik, programaren bidez, 120 bizikidetza-kontratu baino gehiago egin dira eta 22.400 gau baino gehiago partekatu dira, 2026ko urrian argitaratutako datuen arabera.

Izan ere, gustukoa ez den bakardadea fenomeno multidimentsionala da: bizitzeko ez dira berdinak astelehena eta igandea, edo uda eta negua, edo eguna eta gaua, edo kalea eta etxea. Bizihabik konpainia egiteko modu bat aurkeztu du, batez ere etxean eta gauez eragina izango duena, egunaren amaieran etxebizitzan beste norbait dagoela jakiteak dakarren lasaitasuna kontuan izanda.

"Negu osoa igaro dut Klausekin, eta oso gustura egon naiz negu honetan, izan ere neguak garai horretan okerragoak dira, ezta? Tristeagoa da, eta jakina. Orduan, bada, nire ustez, etxean gauean norbait dagoela jakiteak erabat erlaxatzen nau", adierazi du Jesús Mari Bizihabiko erabiltzaileak.

Nola funtzionatzen du Bizihabik?

Bizihabiko taldeak prozesu osoan laguntzen du. Lehenik eta behin, pertsona bakoitzaren profila erregistratzen du, eta bateragarrienak hautatzen ditu; ondoren, elkarrizketa bat antolatzen du elkar ezagutzeko eta bizikidetza-kontratua formalizatzeko; azkenik, bitartekaritza-zerbitzua erabiliz, etengabeko jarraipena egiten du, eta alokairua kobratzea bermatzen du. Eusko Jaurlaritzak zerbitzuaren kostuaren % 100 laguntzen die diruz baldintzak betetzen dituztenei.
Informazio gehiago hemen: bizihabi.eus